AKTUALITATEA / Gazte koordinadora sozialista
Urola Kostako GKSk bi saio egingo ditu "kontrol soziala eta jazarpen poliziala" lantzeko
Urtarrila amaieran jarri zuen martxan 'Haserrea antolatu, askatasunak hedatu' kanpaina, eta bi saio antolatu ditu "kontrol soziala eta jazarpen poliziala" lantzeko. Urola Kostako GKSko kideek 'Kontrol soziala segurtasunaren izenean' hitzaldia egingo dute lehenengo Zarautzen eta, gero, "babestera" begirako aholkularitza juridikoa eskainiko dute Zumaian, tailer baten bidez.
2021eko otsailaren 10
Urola Kostako GKSk bi saio egingo ditu "kontrol soziala eta jazarpen poliziala" lantzeko

Urola Kostako Gazte Koordinadora Sozialistak urtarrilean jarri zuen martxan Haserrea antolatu, askatasunak hedatu kanpaina. GKSko kideek bi auzi nagusiri egin zieten azpimarra, pandemia testuingurua behatuta. Batetik, salatu zuten gazteria "kriminalizatzen" ari direla hainbat mekanismoren bidez, nagusiki, masa-hedabideen bidez. Hala, "pandemiaren ardura gazteen gain jarri" nahian ari direla diote: "Langile belaunaldi berriak diziplinatzeko saiakeraren isla gisa ulertu behar dugu hori ere".

Bestetik, bigarren auzi bat ere seinalatu zuten kanpainaren bidez: osasun-larrialdiaren aitzakiapean, "kontrol soziala eta poliziaren jazarpena nabarmen hazten" ari direla azaldu zuten. "Pandemia baliatu dute eskubide politikoak murrizteko, jazarpena nahiz isunak areagotzeko eta kontrolerako mekanismoak garatzeko", esan zuten. Gainera, "horren normalizaziorako esku-hartze ideologiko gogorra" ere "etengabea" dela ohartarazi zuten, horren adibide modura aipatuz, besteak beste, aurretik azaldutako "kriminalizazio" saiakera horiek guztiak.

Hitzaldia eta tailerra

Bigarren auzi hori, hau da, "kontrol soziala eta jazarpen poliziala" lantzeko, bi saio prestatu dituzte hurrengo asterako, Zarautzen (Gipuzkoa) bata eta Zumaian (Gipuzkoa) bestea. Otsailaren 19an izango da Zarauzko saioa: Kontrol soziala segurtasunaren izenean hitzaldia. "Kontrol sozial orokortua" eta horrek "osasun-larrialdiari aurre egiteko estrategia gisa" duen "izaera politikoa" aztertuko dituzte hitzaldi horretan. Zarauzko Putzuzulo gaztetxean izango da, 18:00etan.

Otsailaren 20an emango diote jarraipena egitarauari, Zumaiako Torreberri gaztetxean. Hain zuzen, aholkularitza juridikoa eskaintzeko tailer bat egingo dute. Helburua izango da polizien "jokabide arbitrarioen aurrean babestu ahal izateko oinarrizko informazioa partekatzea", hainbat galdera abiapuntu hartuta: "Noiz eska diezadakete identifikatzeko? Nola jokatu tentsio egoera baten aurrean?". 17:00etan hasiko da tailerra.