AKTUALITATEA / Errepresioa
Udaltzaingoak pertsona bat tiroz hil eta beste bat zauritu du Barakaldon, auto bidezko pertsekuzio baten ostean
Udaltzainek Portugaletetik Barakaldoraino jarraitu zituzten 35 urteko emakume bat eta 37 urteko gizonezko bat, ustez, lapurtutako ibilgailu batean zihoazelako. Barakaldora iristean tiroz egin zieten eraso, eta emakumea erail zuten. Gurutzetako ospitalean dago gizonezkoa; dirudienez, aurpegian sutu zioten tiroa udaltzainek.
2020eko martxoaren 10
Udaltzaingoak pertsona bat tiroz hil eta beste bat zauritu du Barakaldon, auto bidezko pertsekuzio baten ostean

Atzo, hilak 9, 35 urteko emakume bat tiroz hil zuen Portugaleteko Udaltzaingoak, eta larri zauritu zuen 37 urteko gizonezko bat. Hainbat hedabideren arabera, udaltzainek autoz jarraitu zituzten biak, Portugaletetik (Bizkaia) Barakaldoraino (Bizkaia), ustez, lapurtutako ibilgailu batean zihoazelako.

Barakaldoko El Regato auzoan egin zieten tiro, haietako bat erailez eta bestea zaurituz. Gurutzetako ospitalera eraman zuten zauritua; dirudienez, poliziek aurpegian sutu zioten tiroa.

Udaltzainek adierazi dute bi jarraituak haiek "autoan harrapatzen saiatu" zirela, eta horregatik egin zietela tiro. Polizien arabera, ibilgailu baten lapurreta salatu zen iragan igandean Portugaleten, eta atzo, auto horren barruan zihoazen gerora pertsegituak izango ziren bi pertsonak. Barakaldoraino luzatu zen udaltzainen esetsaldia, eta bertan biei "gelditzeko esan" ostean, haiek autoarekin "harrapatzen" saiatu zirela argudiatuta, tiroz egin zieten eraso.