AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Tubos Reunidoseko langileen protesta Gasteizen, kaleratzeen aurkako bigarren greba-egunean
Astelehenean jakin zen zuzendaritzak 301 langile kaleratu nahi dituela Amurrion eta Trapagaranen, eta espedientearen kontra borrokan ari dira. Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean elkarretaratu dira goizean.
2026eko otsailaren 13
Tubos Reunidoseko langileen protesta Gasteizen, kaleratzeen aurkako bigarren greba-egunean

Bigarren greba-eguna Amurrioko (Bizkaia) Tubos Reunidosen, zuzendaritzak ezarri nahi duen kaleratze masiboaren kontra. Langileak goizean goiz batu dira piketeetara fabrikaren aurrean, eta horren ondoren mugitu dira Gasteizera (Araba), Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitza parera: elkarretaratze jendetsu bat egiten ari dira, Lan-suntsiketarik ez. Kaleratzeei ez. ERE-rik ez lelopean. Maderas de Llodioko langileak ere bertan dira.

Astelehenean izan ziren bai espedienteari buruzko aurreneko bilera bai beharginen aurreneko greba-eguna Amurrion, eta horrek guztiak utzitakoa jakina da jada. Bilerari dagokionez, enpresako-zuzendaritzak bertan jakinarazi zuen 301 langile kaleratu nahi dituela, 274 Amurrion eta 27 Trapagaranen (Bizkaia); eta grebari dagokionez, Amurrioko plantilla osoak egin zuen greba, bai igande gauean hasitako txandan bai astelehen goizekoan.

Zuzendaritzaren asmoen berri izan bezain pronto, ordea, mobilizazio-deialdi gehiago adostu zituzten Amurrioko langileen asanbladan: bost-greba egun egingo dituzte datozen asteetan, baita lau orduko lanuzte ugari ere. ELA, LAB, ESK, CCOO eta UGT sindikatuek osatzen dute langile-batzordea. Trapagaranen ez dute deialdirik egin oraingoz.