AKTUALITATEA / Soldata sistema
Tubacexek aldi baterako lan-erregulazioa ezarri nahi du Amurrion eta Laudion
Zortzi hilabeteko erregulazio-espediente bat proposatu du enpresako zuzendaritzak, salmentek behera egin dutela argudiatuta.
2026eko ekainaren 18 - 09:07
Tubacexek aldi baterako lan-erregulazioa ezarri nahi du Amurrion eta Laudion
Tubacexeko langileen protesta bat. — ARGAZKIA Juanjo Basterra (X)

Tubacexeko zuzendaritzak aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat jarri du mahai gainean, 2027ko otsailera bitartean (hurrengo zortzi hilabeteetan) jarduera 95 lanegunez etetea aurreikusten duena. Amurrioko (Araba) nahiz Laudioko (Araba) lantokietan egongo litzateke indarrean murrizketa, eta enpresa-zuzendaritza eta langile-batzordea bilerak egiten ari dira jada, espedientea negoziatzeko. Lau bilera izango dira denera uztaila hasi arte.

Hainbat hedabidek jaso dutenez, Ormuzko itsasartearen egoera eta horrek salmentetan eragin omen duen beherakada hartu ditu argudiotzat Tubacexek, jarduera-murrizketa proposatzeko. Dena den, Iranen eta AEBen arteko azken akordioa dela-eta (Ormuzko itsasarteko mugimenduak nabarmen areagotuko direla aurreikus daiteke), ez dago garbi Tubacexeko espediente-proposamenean aldaketak egongo ote diren. Arabako bi lantegiak kontuan hartuta, 600 bat langileri eragingo lieke erregulazioko espedienteak.

Tubacexen egoera positiboa dela zehaztu dute hainbat komunikabidek, tartean EITBk, aurtengo lehen hiruhilekoko irabazi garbiak 1,3 milioi eurora murriztu ziren arren. Langile-batzordeak eta zuzendaritzak hilabete honetan bertan sinatu dute hitzarmen kolektibo berri bat, bost urterako. Atzera eginda, baina, gogoangarria da Tubacexeko langileek 2021eko otsailean hasitako greba, ia 150 kaleratzeren aurka. Urri horretan eman zuten amaitutzat lanuztea, 230 egun baino gehiagoren ostean, eta hainbat langile eraman zituzten auzitara borroka horrengatik; ia bost urteko kartzela-zigorrak galdegiten zituzten haientzat.