AKTUALITATEA / Irungo harrera sarea
Trantsizioan dauden pertsona migratuen egoera salatu dute Irunen
Larunbat goizean, Irungo Harrera Sareak deituta, elkarretaratzea egin zuten dozenaka lagunek Irungo San Juan Plazan (Gipuzkoa). Salatu zuten, besteak beste, "ihesean" ibili behar izaten dutela Gipuzkoa eta Lapurdi arteko bidea gurutzatzen duten pertsona migratuek, eta gutxieneko bermeak aldarrikatu zituzten haientzako.
2020eko azaroaren 23
Trantsizioan dauden pertsona migratuen egoera salatu dute Irunen

Irungo Harrera Sareak (IHS) larunbaterako deitutako elkarretaratzean, dozenaka lagunek baliabide gehiago eskatu zituzten Irunen (Gipuzkoa) trantsizioan dauden pertsona migratuentzat, eta babesa adierazi zieten. Lapurdi eta Gipuzkoa arteko bidea gurutzatzen duten pertsona migratuek, hain zuzen, gerra edo krisi egoera jasangaitzetatik "ihes" egin behar izan dutela azpimarratu zuten protestan, eta haientzako "bide seguruak" eraikitzea eta laguntzarako baliabide gehiago bideratzea eskatu zuten IHSko kideek. Era berean, haien sorterritik ihes egin behar izan duten pertsonekin, instituzioek ezikusiarena egiten dutela salatu zuten, lo egiteko oheak ere ukatzeraino.

IHSk abuztuan adierazi zuenez, urteko aurreneko konfinamendu orokorrak amaitu zirenetik, 1.500 pertsona inguruk gurutzatu zuten Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga, Afrikatik Europarako bidea egin nahian.