Europako Batzordeak baieztatu du gutun formal bat bidali diola Afganistango talibanen erregimenari, Bruselan "maila teknikoko" bilera bat egitera deituz. Hartu-eman horren helburua litzateke "Afganistango herritarren deportazioa koordinatzea". Markus Lammert Europar Batasuneko migrazio-bozeramaileak jakitera eman duenez, bilerak "mekanismo operatiboak desblokeatu nahi ditu, segurtasunerako mehatxutzat jotzen diren pertsonak itzultzera behartzeko". Gonbidapen horrek ekarriko luke talibanek kontrolatutako Afganistango Gobernuaren ordezkariak lehen aldiz joatea Belgikako hiriburura, urtarrilean Kabulen izandako lehenengo kontaktuaren ondoren.
Europako 20 bat herrialdek denbora daramate norabide horretan presioa egiten, Alemania eta Belgika bera buru direla; izan ere, joan den urrian eskatu zioten Europar Batasunari "legezko bizileku-eskubiderik ez dutenen" deportazioa bizkortzeko. Magnus Brunner Migrazio komisarioari idatzitako gutun batean, estatu sinatzaileek (besteak beste Italia, Grezia, Polonia eta Herbehereak) salatu zuten "ezintasuna" dutela "zigor penalak tartean diren kasuetan ere itzulerak gauzatzeko". Gobernu horiek, hala, "neurri zehatzak" eskatu zituzten Afganistango herritarrak bortxaz kanporatu ahal izateko, Nazio Batuek beraiek talibanen sistemaren pean bizitzarako eta osotasun fisikorako dauden arriskuei buruz egindako ohartarazpenei jaramonik egin gabe.
Europako Batzordetik, kontaktu horiek justifikatu ditu Lammertek: erregimenarekin "lankidetza operatiboa" izateko "betebeharra" argudiatu du, esanez horrek ez dakarrela talibanen "aitortza diplomatikorik". Zehazki, Batzordearen Barne Zuzendaritza Nagusiak (DG Home) eta Suediako Migrazio Ministerioak bidali dute gonbidapena. Horrela, Bruselak deportazio-politikaren erantzukizun zuzena ekidin dezake, eta adierazi du "kasu bakoitza ebaluatzea eta deportazioak gauzatzea estatu kideei soilik dagokiela". Batzordeak, dena den, "erakunde koordinatzaile" gisa baino ez du jarduten, eta horrek harreman ez-diplomatikoak errazten ditu.
Europako instituzioen mugimendu horrek mugak kanpora ateratzeko eta migrazio-politikak gogortzeko estrategia bati erantzuten dio, Schengen eremuan migratzaileen presentzia murrizteko. Nazioarteko Zuzenbideak jazarpen- edo tortura-arriskua duten herrialdeetara deportatzea debekatzen duen arren, Bruselak berretsi du aurrera egingo duela Kabulgo erregimenarekiko elkarrizketa de facto normalizatzen duen bilera baterantz, migrazio-kontroleko lanak errazteko asmoz. Oraingoz, Europar Batasuneko Gobernuak ez du argitu talibanen zein kargu joango diren hitzordura, ez eta nork hartuko dituen bere gain lekualdaketaren eta ordezkaritzaren egonaldiaren kostuak.