AKTUALITATEA / Homofobia
Talde-eraso homofoboa Gasteizen
Bi gazteri eraso diete hiru gizonek asteburuan: "marikoiak" oihukatu eta ostikadak eta ukabilkadak eman zizkieten.
2026eko martxoaren 9 - 07:23
Talde-eraso homofoboa Gasteizen
— ARGAZKIA Gasteiz Hoy

Talde-eraso homofobo baten berri eman dute Gasteizen. Larunbat goizaldean, 06:00ak aldera, bi gizoni eraso zieten hiru adingabek: txiskeroa eskatu zieten haiengana hurbilduz, eta bi gazteek erantzutean ez zeukatela bat ere, haien kontra oldartu ziren hiru gizonezkoak.

Gasteiz Hoy-k jaso duenez, biktimek azaldu dute "marikoiak" oihukatu zietela erasotzaileek eta jarraitu egin zietela. Elkarrekin zihoazen bi pertsonak bereizi egin zirenean, haietako baten aurka egin zuen taldeak: Aldabe inguruan bakarrik zihoala, ostikadak eta ukabilkadak eman zizkioten, "marikoia" esaten zioten bitartean. Ezpain bat erdibitu eta eskumuturrean lesio bat eragin zioten, gorputz osoko kolpeez gain. Hala ere, ihes egitea lortu zuen gazteak.

Horren ostean, bigarren gaztearen bila joan zen taldea. Topatu zutenean, hari ere eraso egiten hasi ziren, baina inguruan jende gehiago zegoen eta babestu egin zuten. Handik minutu gutxira atxilotu zituzten hiru erasotzaileak poliziek; 16 eta 17 urte dituzte.