AKTUALITATEA / Kubaren aurkako blokeoa
"Suntsitu behar dutenaren adibide da Kuba"
Euskadi-Cuba elkarteko Jose Manzanedarekin hitz egin dugu, Estatu Batuek duela sei hamarkadatik Kubaren aurka mantentzen duten eta azken urteetan gogortu duten blokeoaz, horren guztiaren arrazoiez, eta Kubarekiko elkartasun-mugimenduaz.
2026eko apirilaren 24 - 06:00
"Suntsitu behar dutenaren adibide da Kuba"

Azalduko al diguzu zein den Euskadi-Cuba elkartearen lana?

Munduan Kubarekiko dauden 1.600 adiskidetasun-elkarteetako bat da Euskadi-Cuba. Espainiako Estatuan 60 inguru daude. Euskal Herri mailan Euskadi-Cuba dago: 1989. urteaz geroztik dago martxan, eta gure herriaren eta Kubaren arteko hurbilketa, elkartasun zein lankidetza zubia izatea du helburu. Une honetan, laguntza materialeko eta laguntza humanitarioko kanpaina modura zehaztu daiteke hori, baina, beste une batzuetan, izan daiteke euskal kirol-elkarte baten eta Kubako beste baten arteko komunikazio-bide bat izatea, edo lan erdidiplomatikoak babestea. Garapenerako lankidetza-jarduera bizia ere badugu.

Sentsibilizazio-lana ere egiten da hitzaldien, erakusketen, elkartasun-topaketen eta abarren bidez. Eta komunikazio-lana ere bai, batez ere, 2007an sortu genuen tresna baten bidez: cubainformación. Komunikabide bat da, Kubarekiko elkartasun-mugimenduaren inguruan, behintzat, oso ezaguna eta erreferentziala dena. Orduan, kontrasterako informazio-erreferente moduko bat izan nahi dugu, manipulazio izugarria baitago. Kubaren eta oro har ezkerrak dakarren guztiaren aurkako joera informatibo handia dago. Botere ekonomikoak, politikoak, militarrak eta inperialismoak suntsitu behar dutenaren adibide da Kuba.

Kubarekiko elkartasun-mugimenduari buruzko informazioa ematen du cubainformación-ek, eta Kubaren aurkako manipulazio mediatikoa ere aztertzen du. Zergatik manipulazio hori?

Kubaren auzia ikaragarri auzi manipulatua da, ikaragarri auzi politizatua delako. Eta Kubaren adibidea garaitu beharreko adibide bat da botere nagusiaren partetik. Eta ez soilik Estatu Batuetako gobernuak, baizik eta ente ideologiko batek, behar baitu kapitalismoarekiko desberdina den gizarte bat eraikitzeko saiakera alternatibo horiek guztiek porrot egitea, edo porrot egitea mediatikoki. Esan nahi dut, nahiz eta berez porrot ez egin, porrot egin dezatela euren inguruan egiten den eraikuntza mediatikoan.

Zigor jakin batzuk ezartzen zaizkio, oztopoak, bere proiektu politiko eta sozialari, Kubaren kasuan bezala. Blokeo ekonomiko bat du, eragotzi egiten diona benetan eraikitzea iraultzak nahi duen gizartea. Proiektu iraultzaileak helburu bat du, bide bat du, non eztabaida egon badagoen; baina sozialismoaren eraikuntzarako bide bat da. Sozialismo hori ezin da eraiki nahi den bezala Estatu Batuak eta botere guztia arduratu direlako hori posible egiteko beharrezko baldintzak suntsitzeaz.

"Blokeo ekonomiko bat du, eragotzi egiten diona benetan eraikitzea iraultzak nahi duen gizartea. Proiektu iraultzaileak helburu bat du, bide bat du, non eztabaida egon badagoen; baina sozialismoaren eraikuntzarako bide bat da"

Zertan datza Kubaren aurkako blokeoa?

Nik bereizi egingo nituzke blokeo tradizionala, hau da, Estatu Batuetako gobernuak 2018ra arte aplikatu duena, eta Trumpen gobernuak bere bi administrazioetan aplikatu duena, 2018-2019 urteetatik gaur arte. Eta hirugarren urrats bati buruz ere hitz egin genezake, petrolio-blokeoa izango litzatekeena, prozesu iraultzaileari graziazko tiroa emateko saiakera gisa.

Blokeo tradizionala, funtsean, sei hamarkadatan aplikatu dena da. Enbargo komertzial bat da, alde batetik. Baina Estatu Batuetako gobernuak dioen arren enbargoa dela, hori baino askoz gehiago da. Kubak ezin ditu erosi bere lurraldetik 90 miliatara dituen produktu asko, urruneko merkatuetan erosi behar ditu, prezioak izugarri handituta. Ezin du produkturik saldu Estatu Batuetakoa bezalako merkatu erraldoi batean, eta bioteknologiatik hasi eta turismora arte saldu ahalko luke. Eta, horrez gain, hirugarrenei presioa egiteko politika bat dago martxan, Kubarekin salerosketan aritzen diren herrialdeei zigorrak ezartzeko politika bat, edo Kuban egindako inbertsioen jazarpen sistematiko bat. Gainera, Kubak ez du sarbiderik finantza-mekanismo aldeaniztunetara, hala nola Munduko Bankura edo Diru Funtsera. Egia da izaera neoliberaleko erakundeak direla, baina une jakin batean balio dezakete; eta ez diote erakunde publiko izateari uzten, joera ideologikoa badute ere. Garapen-proiektu handiak finantzatzeko funts handiak dira; Latinoamerikako herrialde batzuek ospitaleak edo errepideak eraikitzeko programak egin ahal izan dituzte erakunde horien funtsetatik abiatuta. Kubak ezin ditu erabili, Estatu Batuetako gobernuak beto edo lehentasunezko boto eskubidea duelako.

Hala ere, Trumpen lehen administraziotik aurrera blokeoa gogortu izana hartuko nuke ardatz, Bidenen administrazioan mantendu eta Trumpen bigarren administrazioan areagotu egin baita hori. Zigor berri batzuk dira, 250 inguru, Marco Rubiok diseinatutakoak. Rubio gaur egungo Estatu idazkaria da. Kubatarra da jatorriz, kubatar familiakoa, baina ez zen iraultzarekin joan, lehenago baizik, bere buruaren biografia faltsua eraiki zuen arren. Trumpen lehen administrazioan, bera izan zen zigor-sorta guztia diseinatu zuena.

"Trumpen lehen administraziotik aurrera blokeoa gogortu izana hartuko nuke ardatz [...]. Zigor berri batzuk dira, 250 inguru, Marco Rubiok diseinatutakoak"

Horien artean lau nabarmenduko nituzke. Bata [dibisen] bidalketei ezarritako debekua da. Kuba da Latinoamerikan Estatu Batuetako emigrazioaren bidalketak modu normalizatuan sartu ezin dituen herrialde bakarra. Inguruko edozein herrialdetan, Estatu Batuetako emigrazioaren diru-bidalketak bigarren edo hirugarren diru-iturria dira. Bestetik, turismoaz hitz egingo genuke, bi alderditan: Estatu Batuetakoa eta Europakoa. Estatu Batuetako herritarrak hain dira libreak, ezin dutela Kubara bidaiatu. Obamaren bigarren legealdian, hamabi bidaia-kategoria baimendu ziren Estatu Batuetatik: hezkuntza-, kirol-, kultura- eta erlijio-bidaiak... Turismoak loraldi bat izan zuen Kuban. Baina Trump iritsi zenean, hori guztia ezabatu zuen. Baina Europako eta beste leku batzuetako turismoari dagokionez, nolako eragina izan du Trumpen politikak? Oraintxe bertan, pertsona bat Kubara badoa, badaki gero ezingo dela Estatu Batuetara libreki joan, lehen eskatzen ez zen bisa bat eskatu behar baitu. Eta horrek oso murrizketa handia ekarri du. Gero, inbertsioei emandako kolpe handiaz ere hitz egingo genuke. Trumpek lehen aplikatzen ez zen Helms Burton Legearen 3. eta 4. artikuluak aplikatuta, orain Estatu Batuetako edozein pertsonak edo enpresarik, kubatarrak zein estatubatuarrak izan, demanda judizialak jar ditzake Kuban edo iraultzaren ondorioz nazionalizatu ziren lurretan inbertsioren bat duten enpresen aurka. Horrek hirugarren herrialdeetako enpresen inbertsioak uxatzea du helburu, eta lortu du; atzerriko inbertsioa, batez ere turismoan, gutxienekora murriztu da.

Azkenik akordio medikoak ditugu. Kubak brigada medikoak ditu herrialde askotan. Herrialde oso pobre askotan, Kubak bere baliabideekin gauzatzen du hori, baina beste batzuetan nolabaiteko diru-sarrera bat jasotzen du hitzarmen horiengatik. Horixe da herrialde askoren kasua, eta Estatu Batuetako gobernuak mehatxu egin die, zigorrekin xantaia egin die eta akordio horiek haustea lortu du. Zertarako? Kubako Osasun publikoko Ministerioak diru-sarrera horiek jaso ez ditzan. Eta hori zertarako? Kuban osasun-krisia sortzeko, eta lortu du hori ere. Oraintxe bertan medikamentuen, intsumoen eta bestelakoen urritasuna benetan izugarria baita.

Dena batzen baldin bagoaz, Kubak eta bere ekonomiak gaur egun bizi duten egoera benetan dramatikoarekin egingo dugu topo. Azken kolpea petrolio-kolpea izan da, Venezuelari ezarritako itsas-blokeoarekin hasi zena abenduan, eraso militarraren aurretik. Une horretatik aurrera, herrialdearen lehen energia-iturria zena, Venezuela, hutsera murriztu zen. Urtarrilaren hasieran, Trumpen gobernuak agindu exekutibo berri bat onartu zuen, Kuba petrolioz hornitzen duen edozein herrialderi muga-zergak ezarriko dizkiola mehatxatu edo iragarri baitzuen. Laguntza humanitario gisa izan edo salmenta gisa izan. Eta horrek Mexikori eragiten dio, hura baitzen bigarren hornitzailea. Mexikok ere, data horretatik eta baita lehenagotik ere, ez du Kuba petrolioz hornitu. Hirugarren hornitzailea Errusia da, duela gutxi petrolio-ontzi bat bidali duena, Trumpen neurri horiei aurre eginez nolabait. Errusiak iragarri du bigarren ontzi bat bidaliko duela, laguntza humanitario gisa. Baina hornidura oso mugatuak dira horiek, hamabost egunerako edo hilabeterako. Blokeoa baino gehiago, niri gerra ekonomikoa deitzea gustatzen zait. Hau gerra bat da. Misil sorta bat da, ekonomiaren iturri guztien aurka; diru-sarrera, inbertsio eta kreditu-aukera guztien aurka.

"Blokeoa baino gehiago, niri gerra ekonomikoa deitzea gustatzen zait. Hau gerra bat da. Misil sorta bat da, ekonomiaren iturri guztien aurka"

Zerk uste duzu eragin duela neurrien gogortze hori?

2014an, Obamak eta Raul Castrok harremanak berrezarri zituztela iragarri zuten, 1961az geroztik lehen aldiz. Itxaropen-une bat izan zen hura; izan ere, nahiz eta garbi zegoen Estatu Batuetako gobernuak gauza berdina nahi zuela modu desberdin batean, Kubako Gobernuak eta Kubako gizarteak, nire ustez, erronka onartu zuten. Obamak onartu zuen blokeoak ez zuela emaitzarik izan, eta Kubako gizartean beste modu batean eragiten saiatuko zirela. Kubatik erronka onartu zuten, eta urte horietan itxaropen-une bat egon zen; blokeoa behin betiko kenduko zelako itxaropena. Estatu Batuetako presidenteak ezin du blokeoa ezabatu, Kongresuak egin behar baitu hori, baina egia da zigor jakin batzuk kendu zituela [Obamak] eta bidaia-sorta oso bat baimendu zuela. Kubako ekonomia denbora gutxian dezente hobetu zen, neurri gutxi batzuekin bakarrik.

"Obamak onartu zuen blokeoak ez zuela emaitzarik izan, eta Kubako gizartean beste modu batean eragiten saiatuko zirela. Kubatik erronka onartu zuten"

Trumpek irabazi zuenean, Miamiko mafiak Latinoamerikarako eta zehazki Kubarako kanpo-politika bahitu zuen, Marco Rubio, Mario Diaz Balart eta alderdi errepublikanoko beste senatari eta kongresukide ultraeskuindar batzuk buru zirela; trumpistak, Floridako botere-zirkuluei lotuak. Florida estatu estrategikoa da establishment-eko bi alderdientzat, eta horiek Florida edozein preziotan irabazi nahi dute beti. Floridan dago Kubako komunitate emigratu garrantzitsuena, eta ultraeskuinak botere handia du haren barruan. Rubiok Trumpi esan zion, bere babesa nahi bazuen, berak nahi zuena egin behar zuela kanpo-politikarekin. Orduan, Trumpen lehenengo administraziotik jada, politika oso agresiboa eta presio gorenekoa, haiek hala deitzen diote, instituzionalizatu zen Kubako Iraultza suntsitzeko, Marco Rubiok gidatuta.

Noski, hauteskundeak berriz irabazi zituenean Bidenen ostean, jada ez zen soilik Marco Rubiok gidatzen zuela politika hori, baizik eta kanpo-politika osoaren idazkari orokorra zela. Eta bera da modu nabarmenean Venezuelaren aurkako erasoa diseinatu zuena, eta orain petrolio-blokeoaren politika hori guztia diseinatzen ari dena. Horren guztiaren atzean dagoena Marco Rubio deitzen da. Rubio, eta inguruan dituen kubar jatorriko senatari eta kongresukide guztiak; benetako faxistak baitira, fanatiko antikomunistak, eta edozertarako prest daude. Orain, baita eraso militar baterako ere.

Duela egun batzuk inkesta bat argitaratu zuten. Nik barre egiten diet inkestei, 800 pertsona kontsultatu baitzituzten; orain 2 milioikoa den Estatu Batuetako komunitate kubatarreko 800 soilik. Baina esaten zuen %70 baino gehiago zeudela beren herrialdean esku-hartze militarra egitearen alde. Eremua prestatzen ari dira, eta, aldi berean, gerra psikologiko oso garrantzitsua egiten ari zaizkie Kubako herriari eta gobernuari, amore eman dezaten, edo esku-hartze bat zuzenean justifikatzeko.

"Gizarte justuago bat eraikitzen saiatu den prozesu politiko baten adibidea behin betiko suntsitzea da behar dutena; izan duen gutxia edo guztia banatu duena, eta, gainera, eragin handia izan duena munduan, batez ere hegoalde globalean"

Horrek azaltzen du zergatik orain presio maximoko politika hori: Etxe Zurira iritsi direlako betidanik hori inposatu nahi izan dutenak. Baina blokeoaren arrazoia da Kuba suntsitu beharreko sinbolo bat dela. Venezuelaren kasuan, petrolioa behar dutelako da agian, baina Kubak ez du petroliorik edo petrolio txarra eta eskasa du; beharbada aukera turistiko batzuk baditu, baina ezer gutxi gehiago. Gizarte justuago bat eraikitzen saiatu den prozesu politiko baten adibidea behin betiko suntsitzea da behar dutena; izan duen gutxia edo guztia banatu duena, eta, gainera, eragin handia izan duena munduan, batez ere hegoalde globalean, hirugarren munduan. Hori da helburu nagusia.

Blokeo ekonomikoa jasan arren, Estatu Batuetakoak baino adierazle sozial hobeak lortu ditu Kubak hainbat arlotan.

Kubak erakutsi du, blokeo bat jasan arren, adierazle sozial oso garrantzitsuak lor daitezkeela, baita lehen mundua deitzen denaren mailan ere, osasunean, hezkuntzan eta beste alderdi batzuetan. Adibidez, biztanle bakoitzeko mediku gehien dituen herrialdeetako bat da mundu guztian, gehien dituena ez bada. Osasun-sistema publiko oso indartsu bat du, oso garatua, profesionaltasun-maila izugarri batekin, herrialdeko leku guztietara iristen dena. Hau da, ez da hirietara mugatzen, baizik eta mendi baten muinean, familia nekazariek postu mediko bat dute, osasun-zerbitzu bat dute, eta hezkuntzan ere aplikatzen da hori. Noski, doakoak dira biak; lehen hezkuntzatik unibertsitateraino, erabat doakoa da guztia. Eta hezkuntzarako eskubide hori ere gizartearen edozein txokotara heltzen da, eta familia nekazariek unibertsitatean dituzte euren seme-alabak, hala nahi badute.

"Kubak erakutsi du, blokeo bat jasan arren, adierazle sozial oso garrantzitsuak lor daitezkeela, [...] osasunean, hezkuntzan [...]. Adibidez, biztanle bakoitzeko mediku gehien dituen herrialdeetako bat da mundu guztian"

Kuba da herrialde bakarra, eta UNICEFek esan du adibidez, haurren desnutrizio larririk ez duena. Olinpiadetan per capita domina gehien lortu dituen herrialdea da, eta parlamentuan emakume gehien dituen bigarren herrialdea; %53, kuoten legerik gabe. Eta legegintza-arloko lorpen jakin batzuk ere badaude hor, hala nola Familien Kodea, ezkontza parekidea barne hartzen duena, hori arraro samarra den munduko eremu batean. Kuba herrialde aurreratua da alderdi askotan.

Dena ahuldu da azken urteotan, zigorren eta blokeoa gogortu izanaren ondorioz. Blokeoa zegoen garaian, baina ez zenean hain itogarria, adierazleak altuagoak ziren. Haurren heriotza-tasa 4 izatera iritsi zen, bizirik jaiotako 1.000 haurreko, Europako datu bat funtsean. Baina horrek okerrera egin du azken urteetan; orain 7 da. Adierazle hori Estatu Batuetakoa eta Latinoamerikako herrialde askotakoa baino hobea da, baina Munduko Medikuek egindako azterlan baten arabera, zigorren azken urte hauetan, gutxienez 2 edo 3 urte murriztu da bizi-itxaropena. Gerra ekonomiko honek heriotzak eragiten dituela dioten adierazleak edo zantzuak dira; medikamenturen bat garaiz iristen ez zaien pertsonena, edo, besterik gabe, garaia baino lehen hiltzen diren horiena. Blokeoak erail ditu zuzenean. Tiro bat eman izan baliete bezala.

Zein eragin izan du Kubak nazioartean?

Kubak erakutsi du oso herrialde solidarioa dela. Kubako internazionalismoa, iraultzaren hasieratik, eredu izan da munduarentzat, eta orain, Kuban gauzak gaizki daudenean, herrialde askotan nabaritzen da elkartasun hori itzultzen saiatzeko efektua. Latinoamerikako herrialde askok esaten duten lehenengo gauza da: "Kubarekin solidarioak izan behar dugu, ez gaizki dagoelako, Kubak lagundu egin zigulako baizik. Medikuak bidali zizkigun gure herrialdeetako hainbestetara, urte askoan, ezeren truke". Kuba elkartasunaren eredu izan da, batez ere medikuntzan, baina baita hezkuntzan edo kirol-lankidetzan ere. Venezuela da horren adibide, baina baita eskualdeko beste herrialde batzuk ere, Kubaren gobernu lagunak izan ez dituztenak barne. Medikuen brigadak egon dira; gaur egun ere badira Haitin edo beste hainbat herrialdetan.

"Kubako internazionalismoa, iraultzaren hasieratik, eredu izan da munduarentzat, eta orain, Kuban gauzak gaizki daudenean, herrialde askotan nabaritzen da elkartasun hori itzultzen saiatzeko efektua"

Nire ustez, hori oso eragin-faktore garrantzitsua da. Horregatik, Estatu Batuetako gobernua lankidetza hori suntsitzen tematzen da, ihesbideen edo argudio faltsuen bidez, hala nola sendagile kubatarrak "esklabo" direla argudiatuz, hitzarmen horiek mantentzen dituzten gobernuak zigorrekin mehatxatzea justifikatzeko. Eta lortu dute: azken seihilekoan Jamaikak, Hondurasek, Guatemalak eta San Vicente de las Granadinasek bertan behera utzi dituzte Kubarekiko hitzarmenak. Herrialde batzuetan Kubaren diru-sarrera txikia zen, baina beste batzuetan handiagoa. Eta horrek eragin garrantzitsua du Kubako osasun-sisteman, baita herrialde horietan guztietan mediku-zerbitzurik gabe geratzen diren milaka pertsonengan ere. Familia horiei ez dielako medikurik jarriko Jamaikako edo Hondurasko osasun-sistemak, eta Kubak doan eskaintzen zien osasun-sistemarik gabe geratuko dira.

Kubarekiko elkartasun-adierazpen gehiago ikusten ari al zarete azkenaldian?

Kubarekiko elkartasun olatu oso handia dago. Elkartasun-olatuak ez du Kubako arazoa konponduko, baina oso garrantzitsua da alderdi politikoan eta materialean. Euskadi-Cuba elkartera mota guztietako kolektiboak, alderdiak eta sindikatuak hurbiltzen dira, Kubari laguntzeko eta zerbait praktikoa egiteko prest; gauzak eramateko, blokeoa salatzeko. Nazioartean, nabaritzen ari gara sektore batzuk ez direla Kubarekiko elkartasun tradizionalekoak.

Duela gutxi, Nuestra América Kubarekiko elkartasun-ontzidian egon naiz. Martxoan iritsi zen, hainbat itsasontzi izan ziren Mexikotik eta hainbat hegaldi munduko zenbait lekutatik: Estatu Batuak, Europa, Latinoamerika. Han zeuden 700 pertsonetatik, asko ez ziren Kubarekiko elkartasun klasikokoak; jende gazte asko zegoen, eta asko Palestinaren aldeko mugimendukoak ziren, edo Gazara ontzidi solidario bat eramateko saiakeretakoak... Bi elkartasun-adierazpenak batzeko ariketa solidario interesgarria izan zen; Palestinarekin eta Kubarekin. Bi herrialde edo bi nazio horien artean, batak genozidioa jasaten du bide militar argi eta ageriko baten bitartez, eta besteak bide ekonomikoaren bitartezko genozidioa. Hori oraingoz, ez baitago jakiterik ea bide militarrera iritsiko ote den. Nire ustez, jende askok harreman argia ikusten du bi herrialdeen artean: pobreak dira, eta hainbat bide dituen gerra makur bat jasaten ari dira, azkenerako gauza bera diren Israel eta Amerikako Estatu Batuak bezalako bi munstro politikoren partetik.

EHKSk eta IASek, Euskadi-Cubarekin lankidetzan, Kubara bidaltzeko materialen bilketak antolatu dituzte aste hauetarako, eta dagoeneko martxan dauden beste ekimen batzuei gehitu behar zaie hori.

Primeran ikusten dugu EHKSren ekimena. Elkartera hurbildu zirenean, lehenik Kubako egoeraz interesatzeko eta ondoren kanpaina bat planteatzeko, elkartea horretarako dagoela esan genien. Gauzak hara bidali, bideratu, informazioa eman eta Kubako erakundeekin lotura izateko behar den zubia edo mekanismoa da. Orduan, hasiera-hasieratik, aurrera egiteko esan genuen, eta lankidetza erabatekoa da. Ikusiko dugu ea zer moduz doan, baina nik ulertzen dut ondo joango dela; leku asko dira, eta potentziadun antolakunde bat da.

"Presio politikoa egin behar da, gaia hedabideetan jarri behar da, alternatiboetan eta ez alternatiboetan, eta gauzak bidali behar dira"

Euskadi-Cubak kanpainak izan ditu eta ditu hainbat sektorerekin. Araban, adibidez, bada Hegoak izeneko plataforma internazionalista bat, non sindikatuak, alderdiak dauden eta Euskadi-Cubak materialak bidaltzeko kanal gisa parte hartzen duen. Bere garaian LABekin kanpaina gogorra egin genuen hainbat hilabetez, bi edukiontzi bidali genituen eta dirua lortu genuen taupada-markagailu kopuru handi baterako. Bikain iruditzen zaigu pausoa emateko eta gauzak kanpaina moduan zehazteko kezka hori egotea. Presio politikoa egin behar da, gaia hedabideetan jarri behar da, alternatiboetan eta ez alternatiboetan, eta gauzak bidali behar dira gainera. Ez da arazoen konponbidea, baina egoera arintzeko balio du. Gauza horiek iritsi egiten dira, ospitale batera, eskola batera, eta espiritualki kargatzeko modu bat ere bada. Ikusten dute ez daudela bakarrik, munduan jende asko ari dela Kubako herriari elkartasuna adierazten, eta horrek nolabait herriaren erresistentzia-gaitasuna elikatzen du.