AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Sumisio kimikoaren bidez, gizon bati sexu-erasoa egin diote beste bi gizonek
Azaroan izan zen erasoa, Gipuzkoako etxebizitza batean. Erasoa jasan zuen gizonak berriki jarri du salaketa, eta bi erasotzaileak atxilotu dituzte Hernanin.
2023eko abenduaren 12
Sumisio kimikoaren bidez, gizon bati sexu-erasoa egin diote beste bi gizonek

Joan den azaroaren erdialdean, gizon bati sexu-erasoa egin zioten beste bi gizonek Gipuzkoako etxebizitza batean. Edari bat hartu zuen erasotua izan zen pertsonak, eta ez du gauza handirik oroitzen horren ostean. Itxura denez, bere borondatearen kontra, hainbat substantzia harrarazi zizkioten beste bi gizonek, eta behin indarrez sumisio kimiko hori lortuta, sexu-erasoa egin zioten.

Erasoa jasan zuen gizonezkoak berriki aurkeztu du salaketa, abenduaren hasieran. Ikerketa irekita, aurreko larunbatean atxilotu zituzten bi erasotzaileak, Hernanin (Gipuzkoa). 32 eta 48 urte dituzte. Polizia-etxera eraman ostean, atzo Donostiara (Gipuzkoa) lekualdatu zituzten biak, Guardiako Epaitegiaren esku uzteko.