AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Soinu-teknikariek greba egingo dute ostiral honetan
EUKI patronalaren immobilismoa salatzen dute, "hitzarmenik gabe gremioa geratuko" dutela esanez. Ostiralean, mobilizazioak egingo dituzte Bilbon, Gasteizen, Donostian nahiz Leioan.
2026ko maiatzaren 13 - 06:28
Soinu-teknikariek greba egingo dute ostiral honetan
— ARGAZKIA Teknikariok Sindikatua

Soinu-teknikariek grebara joko dute ostiral honetan, maiatzaren 15ean. Duela hilabete, hitzarmenari buruzko negoziazio-mahaia blokeaturik dagoela salatu zuten bertan parte hartzen duten sindikatuek (Teknikariok Sindikatua, ESK, LAB, UGT, ELA eta CCOO), eta berriz seinalatu dute "EUKI patronalaren immobilismoa". Horiek horrela, sindikatu horiek beraiek egin dute sektorean "greba historiko" batera batzeko deia, eta mobilizazioak antolatu dituzte egun osorako. Goizeko 11:30ean, Bilboko Arriaga Plazan egingo dute elkarretaratze orokor bat, eta arratsaldean Gasteizko Bat-batean jaialdian (18:00), Leioako Umore Azokan (18:30) eta Donostiako Victoria Eugenian (19:00) mobilizatuko dira. Egun horretarako antolatutako ekitaldi, emanaldi eta ikuskizunak gelditzeko deia luzatu dute, baita ekimen horietara ez bertaratzekoa ere, "langileen aldarrikapenei babesa eta elkartasuna adierazteko".

"Negoziazio hutsaletan aritu gara bi urtetik gora, eta prekaritateak zein oinarrizko lan-eskubideen urraketek bere horretan diraute; baita Langileen Estatutuko gutxieneko eskubideen urraketak ere", azaldu dute sindikatuek. Duela gutxi, salaketa bat jarri zuten sektoreko blokeoa langileen "oinarrizko lan-eskubideak urratzeko" baliatzen duten enpresen aurka. "Patronalak bere jarrera aldatzeko garaiz geundela sinetsita geunden, ordea, ordutik EUKIk ez dio negoziazioari berriro ekin nahi izan", jakinarazi dute.

"EUKIren asmoa da langileok familia-kontziliazioari eta kontziliazio pertsonalari uko egitea. Hori, bat ere aurrerapen askirik gabe emandako ordutegi, egutegi eta lan-txanda lotsagarriak emanez egin nahi du", kritikatu dute aipatutako sindikatuek. Patronalak, hain zuzen ere, beharginak "enpresaren eskura" egotea nahi duela uste dute, gogoraraziz hark egindako azken eskaintzak ez dituela Langileen Estatutuak markatutako baldintza minimoak ere betetzen. Eta negoziazioa geldirik dagoen bitartean, "gehiegikeriak eta lege-urratzeak eguneroko ogia dira", langile-ordezkaritzaren esanetan. "Eskubide duinak bermatuko dituen Hitzarmen Kolektibo bat nahi dugu".