AKTUALITATEA / Errepresioa
SIPE kexu da, 'bodycam'-ak ertzainak "kontrolatzeko" erabiltzen ari direlakoan
"Poliziaren jarduna babesteko eta agenteen segurtasun juridikoa indartzeko tresna gisa sortu zena, egunero kalean lan egiten dutenen aurkako zaintzarako, barne-kontrolerako eta diziplina-zigorrerako tresna bihurtu da". Sei ertzain daude ikerketapean gorputzeko kamerak modu desegokian erabiltzeagatik, baina hainbat prozesu judizialetan kameretako irudiak erakusteari uko egiten ari dira, Etxarriren desalojoari lotutako auzietan kasu.
2026eko apirilaren 14 - 08:34
SIPE kexu da, 'bodycam'-ak ertzainak "kontrolatzeko" erabiltzen ari direlakoan
Ertzaintza iaz, Bilboko Etxarri II Gaztetxearen desalojoan.

Ertzainek daramatzaten gorputzeko kamerei ematen ari zaien erabilera kritikatu du SIPE "sindikatu" polizialak. Uste du bodycam-ak ertzainen aurkako "barne-kontrolerako" baliatzen ari direla eta "erabat onartezina" dela hori. "Poliziaren jarduna babesteko eta agenteen segurtasun juridikoa indartzeko tresna gisa sortu zena, egunero kalean lan egiten dutenen aurkako zaintzarako, barne-kontrolerako eta diziplina-zigorrerako tresna bihurtu da", adierazi du idatzi batean.

Ertzaintzako Barne-Arazoek gutxienez sei agenteren aurkako espedienteak ireki dituzte, hainbat operatibotan bodycam-ak erabiltzeko araua ez betetzeagatik. Berez, kamerak piztu behar dituzte "arau-hauste penalak daudenean, herritarren segurtasunari larriki eragiten dioten arau-hauste administratiboak daudenean, bizitzarako edo osotasun fisikorako arriskua dagoenean, erasotzeko mehatxuak edo aukerak daudenean, liskar-jarrerak dituzten atxiloketak daudenean, iskanbila-ekintzak daudenean, indarkeria- edo larderia-zantzuak daudenean, edo herritarren segurtasunerako arrisku zehatz bat erakusten duen beste edozein egoera dagoenean". Jaurlaritzak iaz zioen helburua zela kameren bidez "polizia-agenteei segurtasun juridikoa ematea, agintaritza judizialari zigor-arloko arau-haustea egin izanaren froga-elementuak emateko"; baina ez zuen zehaztu zein erabilera konkretu emango zieten irudiei.

Sei ertzain ikerketapean, kamerak modu egokian ez erabiltzeagatik

Bingen Zupiriak Eusko Legebiltzarrean jakinarazi duenez, 2025eko abendutik 2026ko martxora bitartean, gutxienez zazpi interbentzio polizialetan urratu da kamerak aktibatzeko araua. 2025ean zehar, progresiboki orokortu zen gorputzeko kameren erabilera Ertzaintzan. ElDiario.es-ek gogorarazi duenez, horren helburua da, teorian, jardun polizialen "proportzionaltasuna, egokitasuna eta interbentzio minimoa" bermatzea; eta astero egiten omen dituzte bodycam-en erabilera aztertzeko ikuskapenak, "akatsak" identifikatzeko.

Sestaon, hiru lagun jipoitu zituzten ertzainek ez zuten kamerarik piztu

Joan den martxoan, kalez jantzitako bi ertzainek hiru pertsona jipoitu zituzten Sestaon, kotxe bat kolpatu omen zutela aitzakiatzat hartuta. Borra luzagarriak erabili zituzten euren kontra, eta batek ebakuntza bat jasan zuen barrabiletan poliziek emandako jipoiaren ondorioz. Zupiriak berak aitortu zuenez, bi ertzain horiek ez zituzten bodycam-ak pizturik erasoa egitean. 

Etxarriren desalojoan zauritutakoen auziak: 'bodycam'-etako irudiak ezkutuan

Azken urtean irekitako zenbait prozesu judizialetan, bodycam-etako irudiak gardentasunez ikusteko trabak izaten ari dira, Bilboko Etxarri II Gaztetxearen desalojoaren harira irekiteko auzietan adibidez. Martxoaren bukaeran, Justizia Aranarentzat plataformak salatu zuen grabazioak ezkutatu nahian ari dela Ertzaintza: 35 agenteren kameretako irudiak aztertu omen dituzte barne-mailan, baina ez omen dute bat bera ere froga gisa aurkeztu. Errekalden larriki zauritutako Iker Aranaren abokatuak eskatu zuen irudi horiek ikusi ahal izatea, baina ez diote erantzunik eman.