Sidenorren aurkako ikerketa bere bidea egiten ari da Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta gero eta argiago dago norantz joko duen. Auzitegiak baztertu egin du Gazako mediku bat akusazio partikular modura aritzea, eta horren ondorioz, ematen du "kontrabandoa" soilik egotzi ahalko diotela enpresari. Izan ere, aipatutako medikuak "gizateriaren aurkako delituak" eta "genozidioa" leporatu nahi zizkion Sidenorri, baina ez diote utziko; eta badirudi Fiskaltzak ez duela inolako asmorik "kontrabandoaz" harago konpainiari ezer egozteko.
Armamentua ekoizteko zela jakinda, Israel Military Industries (IMSI) konpainiari milaka tona altzairu saltzeagatik dago ikerketapean Sidenor. Badirudi, ordea, "Justiziak" alde batera utziko duela halako salmentek palestinarren aurkako sarraskia ahalbidetzea. Akusazio partikularra erretiratzeaz gain, epaileak baliogabetu egin ditu otsailean Sidenorren Basauriko bulegoetan egindako miaketak. Ikerketa judizialaren barruan, Israeli egindako salmentei lotutako materiala lortzea omen zen miaketen asmoa, baina orain epaileak dio ez duela bilaketa horren emaitza kontuan hartuko. Sidenorreko presidente Jose Antonio Jainagaren defentsak eskatu zuen miaketak balioagabetzeko, eta men egin diote bai Fiskaltzak bai epaileak.
Kataluniako Komunitate Palestinarrak aurkeztutako kereila bat zela-eta hasi zen Sidenorren aurkako ikerketa, eta Bizkaiko enpresak 2024tik 2025era bitartean Israelera egindako altzairu-salmentak jartzen zituen jomugan. Hainbat hedabidek atzo seinalatu zutenez, dena den, Fiskaltzak ez du enpresari genozidio-delituak edo gizateriaren aurkako delituak leporatzeko kereilarik aurkeztu, iritzita ez dagoela horren zantzurik. Horregatik ematen du kontrabandora mugatuko dela prozesu judiziala.