AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Sektore publikoko milaka langilek greba egin dute, behin-behinekotasuna salatzeko
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoan soldatapean aritzen diren milaka beharginek grebara jo dute ostegun honetan, "enpleguaren kontsolidazioa" eskatzeko. Hiriburuetako manifestazioetan 18.000 lagun izan dira, sindikatuen kalkuluen arabera. Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak tarteko, milaka langileren greba eskubidea urratu dute gaurkoan ere.
2021eko apirilaren 22
Sektore publikoko milaka langilek greba egin dute, behin-behinekotasuna salatzeko

Gaur, apirilak 22, greba eguna izan da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoan. Milaka langilek lanuztea egin dute, "aldi baterako kontratatuen kontsolidazioa" aldarrikatzeko. Izan ere, behin-behinekotasun tasa %40ra iristen da arlo publikoan, eta asko dira lan-erregimen horretan urte ugari daramatzatenak.


Sindikatuek aditzera eman dutenez, 18.000 langilek hartu dute parte hiriburuetako mobilizazioetan, eta grebaldiak, orokorrean, "oso erantzun zabala" izan duela baieztatu dute. Hori bai, Eusko Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak direla-eta, langile askok grebarako eskubidea galdu dute gaurkoan ere; garbitzaileek eta osasungintzakoek, adibidez.