AKTUALITATEA / #u25mobilizatu
SAPA armagintza-enpresa markatu dute Andoainen
'Gerraren negozioari ez!' idatzi dute bart enpresako horma batean, eta urtarrilaren 25ean Bilbon eta Iruñean mobilizatzera deitu dute, gerra-mehatxuaren eta faxismoaren aurka.
2025eko urtarrilaren 10
SAPA armagintza-enpresa markatu dute Andoainen

Defentsa antiaereorako sistemak, misilak eta arma arinak ekoizten ditu SAPA Placencia enpresak, besteak beste, eta gerraren kontura negozioa egiten duen euskal enpresa nagusietako bat da. Larriagotzen ari den gerra-mehatxuaren kontra, eta gerraren negozioari ezetz esateko, konpainia hori seinalatu dute bart Andoaingo (Gipuzkoa) bere egoitzan: Gerraren negozioari ez! idatzi dute handiz enpresako paretetako batean.

Agenda belizistaren nahiz faxismoaren gorakadaren kontra, Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) mobilizazio-deialdi bat egin du urtarrilaren 25erako. Bilbon (Bizkaia) eta Iruñean (Nafarroa) izango dira manifestazioak. SAPA markatzeko protesta-ekintzaren bidez, manifestazio horietara batzera deitu nahi izan dute.