Gaur eguerdian, bortizkeria eta inpunitate polizialaren aurkako oihuak ozen entzun dira Santurtziko (Bizkaia) kaleetan, ehunka lagun atera baitira kalera Anderrentzat justizia eskatzeko. Brote psikotiko bat izan zuenean, bere kontra bortizki esku hartu zuten udaltzainek, taser-pistola bat eta borrak erabilita. Koman sartu zen interbentzio horren ondorioz, eta asteazkenean galdu zuen bizia. Bada, gaur, biktimaren gertukoei babesa emanez eta justizia eskatuz, manifestazio handi batek igaro ditu kaleak, udaletxe aurretik abiatuta. Ezkerraldeko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), Berri Otxoakek eta beste hainbat taldek antolatu dute protesta.
Mobilizazioaren amaieran, minutu bateko isilunea egin dute bertaratutako pertsonek, Anderren oroimenez. Horren ondoren hartu dute hitza antolatzaileek, eta seinalatu dute "oso larriak" direla gertakariak. Lau udaltzainen artean jipoitu zuten Ander, eta gero, bi orduz egon behar izan zuen anbulantziaren zain. "Horren aurrean zer aurkitu dugu? Hamaika lerroburu esanez 'hiru polizia zaurituta' omen zeudela, eta gazteari eta jipoiari buruz aipamenik ere ez; komunikabideen errelato desitxuratuak, gertatutakoa ezkutatuz eta Poliziari biktima izaera emanez".

EAJren eta Voxen jarrera: babesa Poliziari eta buloak
Azaldu dute Santurtziko Udalaren (EAJ) jarrera izan dela, hasieratik, "erabateko babesa adieraztea indar polizialei". Gertakariak ezkutuan mantentzea "ezinezkoa izan denean", ikerketa bat irekitzeko eskatu du udalak, baina "Poliziaren jarduna inondik inora ere kolokan jarri gabe", manifestazioaren deitzaileen esanetan.
"Hori guztia gutxi balitz, Vox alderdi faxistak gezur eta bulo arrazistak zabaltzeko aprobetxatu du egoera gogor hau. Oraindik ere gertatutakoaren inguruko informaziorik ez zegoenean eta publikoki esaten zen bakarra 'hiru udaltzain zauritu' zeudela zenean, 'Joven de jovenladia' bezalakoak entzun behar izan ditugu [biktimari buruz]. Argi geratzen da faxistei ez zaiela biktima axola, arrazista nazkagarri batzuk izatea baino".

Ez da kasu bakartu bat
Gaurko protestan, dena den, presente izan dute Santurtzin gertatutakoa ez dela "kasu isolatu" bat: "Euskal Herrian adibide asko ditugu. Ertzaintzaren eskuetan Flotillako kideek jasan zuten errepresioa oso hurbilekoa egiten zaigu Santurtzin. Iker Arana gazte bilbotarraren adibidea ere badugu, bere auzoko Gaztetxea defendatzeagatik mutilatu baitzuten. Ezkerraldeko zerrenda beltza ere luzea da: Barakaldoko Poliziak tiroka egiten dio aurre egoerari. Ongi daki hori, bere babesleku bakarra zen zubitik bera botatzen ari zirenean, begian tiro egin zioten pertsonak. Begia galdu zuen. Barakaldoko udal-polizia izan da taserra eta droneak erabiltzen lehena Euskal Herri osoan. Duela hilabete batzuk, beste gizon bati ere tiro egin zioten. Eta horrekin, azken bi urteetan, hiru pertsonaren aurka egin dute tiro. Sestaon, gazte batek testikulu bat galdu zuen jipoi polizial baten ostean".
Mobilizazioaren deitzaileek ohartarazi dute "gizartearen eta indar polizialen faxistizazioa" erakusten duela horrek guztiak, eta "erabat normalizatuta dagoela ez-hilgarriak diren armen erabilera", Poliziak "inpunitate osoz" erabiltzen baititu "jendea mutilatzeko eta hiltzeko". Eta gaineratu dute: "Polizia leporaino armatuta dago; taserrak, droneak, borrak, foam-balak...".
Gaurkoan, beraz, polizia-indarren berezko funtzioak nabarmendu dituzte berriz: "Poliziaren funtzioa langileria otzanduta eta diziplinatuta mantentzea da, eta zentzu horretan kokatu behar dugu indarkeriaren eta errepresioaren erabilera. Gure zeregina da inpunitate poliziala seinalatzea eta normalizazioaren aurka borrokatzea. Etorkizunean inork horrelako erasorik jasan behar ez izateko".
