AKTUALITATEA / Politika instituzionala
Santurtziko ustelkeriari buruzko ikerketa bertan behera utzi du EAJk
Udaltzaingorako oposizio batean izandako filtrazioa argitaratu ostean, dimisioa eman behar izan zuen alkate jeltzaleak, baina ikerketa fiskaltzaren esku geratuko dela aitzakiatzat hartuta, ikerketa-batzordea gelditu du alderdiak.
2026eko otsailaren 26 - 10:23
Santurtziko ustelkeriari buruzko ikerketa bertan behera utzi du EAJk
— ARGAZKIA ensanturtzi.com

Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) bere horretan utzi nahi du Santurtzin (Bizkaia) agerian geratzen ari den ustelkeria. Karmele Tubilla alkateak dimisioa eman behar izan du hilabete honetan, udaltzaingoko ofizialorde izateko oposizioan Segurtasun zinegotziak egindako filtrazioa argitara atera eta zenbait astera. Ikerketa-batzorde bat zegoen martxan gertakariak argitzeko, baina haren jarduna bertan behera uztea erabaki dute jeltzaleek, bi saioren ondoren. Hori justifikatzeko, esan dute fiskaltzaren gain geratuko dela ikerketa, Naiz-en arabera.

Bere garaian udaltzaingorako oposizioko galderak filtratu zituen zinegotziak, Sonia Lopezek, otsailean bertan eman ditu bere azalpenak ikerketa-batzordearen aurrean. Hark emandako informazioak, baina, EAJri lotutako ustelkeria zantzu gehiago erakutsi ditu: Lopezek esan zuen alderdiak "presioa" egin izan diola, euren hurbilekoak diren zenbait pertsona kontratatzeko eta haiei bidea errazteko, udalean zuen karguaren bidez. Ikerketan informazio deseroso horiek argitara atera ostean eten du batzordea EAJk: astelehenean eman zien erabakiaren berri gainerako udal-taldeei.

Jeltzaleen jarrera kritikatu dute udal-oposizioko taldeek, ikerketa fiskaltzaren esku egonik, ezingo baitute Tubillaren deklarazioa entzun eta informazio horren berri zuzenean izan. Ikerketa-batzordeak orain arte egindako bi saioetan, alkate ohiak ez du deklaratu. Oposizioak salatu du, gainera, batzorde horren egitekoetako bat zela bertan behera geratu zen oposizioarekin zer gertatuko den zehaztea.

Datorren hilean erabakiko dute nork hartuko duen Tubillaren lekukoa Santurtziko Udalean, martxoaren 5ean izango baita alkate berria izendatzeko inbestidura-saioa.