AKTUALITATEA / Etxe-kaleratzeak
Santurtziko Eguzkilore etxe okupatua hustu du Ertzaintzak
Gaurko zegoen ezarrita Eguzkiloreren desalojoa, eta Ertzaintzak goizean osatu du polizia-lerroa espazio okupatuaren inguruan. Zenbait pertsona egon dira etxe barruan, erresistentzia egiten, eta babesa ematera bertaratu dira hainbat eta hainbat lagun.
2021eko urriaren 21
Santurtziko Eguzkilore etxe okupatua hustu du Ertzaintzak

Santurtziko (Bizkaia) Eguzkilore etxe okupatuaren aurkako auzibideaz arduratu den epaileak gaurko finkatu zuen espazioaren hustea. Hala, 09:30ean bertaratzera deitu zuten Eguzkiloreko kideek, desalojoa geratzeko asmoz. Ertzaintzak goizean goiz osatu du polizia-lerroa etxe inguruan, eta 14:00ak aldera lortu dute lekua hustea.

Eraikin barruan zenbait lagun egon dira goizetik, erresistentzia egiten; han bizi izan dira azken urteetan. Desalojoa salatzera eta Eguzkiloreko kideei babesa ematera hurbildu dira, bestalde, hainbat eta hainbat lagun.

Duela 20 urte baino gehiago birjabetu zuten Eguzkilore etxea Santurtzin.