Otsailaren 21an Sadarren zeuden milaka pertsonek jasandako bortizkeria poliziala justifikatzen jarraitzen du Espainiako Gobernuak Nafarroan daukan ordezkariak, Alicia Etxeberriak (PSN). "Aurreko astean egindako adierazpenak mantentzen ditut", esan zuen martxoaren 4an prentsaurreko bidez: "Ez zen istiluetatik kanpo zegoen inor arriskuan jarri". Kargetan ez omen zen "familiarik edo haurrik" kaltetu, bere hitzetan. Gertakariak izan eta hiru egunera, esku-hartzea "egokia eta proportzionatua" izan zela aldarrikatu zuen politikariak.
Gazte batek Iruñeko (Nafarroa) futbol-zelaira botila bat jaurti zuela aitzakiatzat hartuta, bera identifikatzen saiatu eta zaleen aurka oldartu ziren segurtasun-indarretako agenteak Hego Harmailan. Egoera horretan kargatu zuen bortizki Espainiako Poliziak estadio barruan, Osasunako milaka zale bertan zeudela: konorterik gabe utzi zuten haietako bat. Gero, Sadar kanpoan ere izan ziren kargak. Parte ofizialak dioen arren bi zauritu bakarrik izan zirela, kaltetuen lekukotzak jasotzen jardun du Sadar Bizirikek, eta argitu du gutxienez 30 lagun zauritu zituztela poliziek.
Interbentzio polizial erraldoia justifikatzen saiatzeko, Etxeberriak duela bi eguneko agerraldian argudiatu zuen hainbat objektu bota zituztela zelaira partidan zehar eta bere burua "ezkutatu" zuela ustez botila jaurti zuen pertsonak. "Haien lana egiten ari ziren", adierazi du PSNko politikariak Espainiako Poliziari eta seguratei buruz, "hautsitako ordena publikoaren" alde aritu zirela aldarrikatuz eta fokua "kiroleko biolentzian" jartzera dei eginez. "Uko egiten diot objektuen jaurtiketa, debekatutako kantak eta irainak normalizatzeari", zioen tonu kriminalizatzailean.
Ikerketa bat martxan dagoela gaineratu du Etxeberriak, baina zaleen kontrakoa: hainbat osasunazalek "agintaritzari eraso egin" eta "desordena publikoak eragin" ote zituzten ikertzen ari omen dira. Sadar Bizirikek politikariari eskatu dio esanak "zuzendu" ditzala: "Erabat ulertezina da oraindik ere autokritika-izpirik ez egotea [Espainiako] Gobernuaren Ordezkaritzaren aldetik, Osasunako bazkide askori eragin zieten eraso polizialen aurrean".
Non daude grabazioak?
Bestalde, segurtasun-kameretako irudiak "zentralizaturik" daudela baieztatu du Espainiako Gobernuaren ordezkariak, eta Espainiako Poliziak baino ezingo dituela horiek ikusi oraingoz. Osasuna klubak duela hainbat egun jakinarazi zuen irudiok ikusi ahal izatea eskatu zuela, gertakariengatik zabalik daukan ikerketaren barruan, baina eskaera atzera bota ziola Poliziak. Etxeberriak ere adierazi du Espainiako Poliziak baino ezingo dituela grabazio horiek ikusi, bestelako agindu judizialik ez bada behintzat.