AKTUALITATEA / Errepresioa
Protestan ari ziren Zurriolako sorosleei pankarta kendu eta isuna jarri diete udaltzainek
Egunero egiten dituzte protestak Donostiako sorosleek, 08:00etatik 20:00etara, subrogazioa eskatzeko eta hiriburuan izan diren kaleratzeak salatzeko. Atzoko egunez isuna jarri zieten udaltzainek, ezezkoa eman ziotelako pankarta kentzeari.
2020eko uztailaren 16
Protestan ari ziren Zurriolako sorosleei pankarta kendu eta isuna jarri diete udaltzainek

Sorosleek egunero egiten dituzte elkarretaratzeak Zurriolako hondartzan (Donostia, Gipuzkoa), eta isun bat emana izan zitzaien atzo, pankarta bat ez kentzeagatik. 12:00ak aldera, bi udaltzain hurbildu zitzaizkien ekainaren 15etik kaleratzeen aurka eta euren subrogatzearen alde mobilizatzen ari diren sorosleei.

Antza denez, pankarta gordetzeari muzin egin zioten langileek, eta isunez zigortu zituen Donostiako Udaltzaingoak, leku publikoa "baimenik gabe" okupatzeagatik.

Arratsaldeko 16:00etan izan zen sorosleen aurkako bigarren erasoa, FCC garbiketa enpresari deitu baitzioten pankarta kentzeko. Udaltzainak berriro hurbildu ziren orduan ere, pankarta kentzeko aginduz. Bigarren aldiz ezezkoa ematean, sorosleak identifikatzen hasi ziren.

Donostiako hainbat sorosle ekainaren 15etik ari dira protestan Zurriolako hondartzan, izan diren kaleratzeak salatzeko eta euren subrogazioaren defentsan. Egunero elkarretaratzeak egiteari ekin zioten pasa den hilabetean, 08:00etatik hasita 20:00etara arte, Donostiako Udalaren eta BPXport enpresaren kudeaketari erantzuteko.