AKTUALITATEA / Uib
Programa politikoa aurkeztu du UIBk, "indarrak batuz gaitasunak biderkatzea" ipar
Unibertsitateko Indar Batasunak programa politikoa argitaratu zuen atzo, kolektiboaren jardunaren oinarri nagusia izango dena. Bost puntu barnebiltzen ditu bide-orriak: ikas baldintzak, lan baldintzak, askatasun politikoak, bitarteko materialen gaineko kontrola, eta erasorik gabeko unibertsitatea.
2019eko azaroaren 21
Programa politikoa aurkeztu du UIBk, "indarrak batuz gaitasunak biderkatzea" ipar

Atzo, azaroak 20, bideo-orri politikoaren berri eman zuen Unibertsitateko Indar Batasunak, sare sozialen bitartez. Hala, UIBk bost puntu jaso ditu bere borrokan, aurrerantzean garatu beharreko jarduna marrazteko: ikas baldintzak, lan baldintzak, askatasun politikoak, bitarteko materialen gaineko kontrola, eta erasorik gabeko unibertsitatea. Ikasleen ebaluazio sistematik hasi, eta unibertsitateetako garbitzaileen lan baldintzak jorratzerainoko norabidea zedarritzea du helburu UIBk, Indarrak batuz gaitasunak biderkatu lemapean.

EHUko fakultateetako asanbladetan landu dute programa politikoa, eta azaldu dutenez, kolektiboaren helburua eta izaera definitzen ahalegindu dira. Hemendik aurrera, beraz, UIBko kideek bide-orri hori oinarri hartuta jarriko dituzte martxan borrokak, campusetan.

UIB, pasa den ikasturtean sortua

Hasieratik bertatik, unibertsitateetako langile sektore ezberdinen borrokei heltzeko filosofiarekin aritu da UIB, elkartasuna oinarri hartuta; hala nola, ikasleen, irakasleen, ikerlarien, edota administrazioko langileen problematikak jarri dituzte jopuntuan.Iaz, prentsaurreko bidez eman zuten UIBren sorreraren berri, Leioako (Bizkaia) campusean.

Martxotik maiatzera bitartean, ikasleen ebaluazio arautegiko 12.2 artikulua aldatzeko borrokan murgildu zen UIB, aldatzea lortu zuen arte. Programa politiko berriarekin, esku artean dituzte borroka berriak abiatzeko oinarriak.

UIBren programa politikoa osorik irakurtzeko, egin klik hemen