AKTUALITATEA / Migrazioa
Pertsona migratzaile bat atxilotu eta lurralde debekua aplikatu dio poliziak Baionan
Ekainaren 3an atxilotu zuten Boli Kostako gaztea, elikagaien banku batetik ateratzen ari zela. Frantziako Estatuak hartzen duen lurralde oro uzteko agindua eman diote, baita bueltatzeko debekua jarri ere.
2022eko ekainaren 13
Pertsona migratzaile bat atxilotu eta lurralde debekua aplikatu dio poliziak Baionan

Poliziak 20 urteko gazte migratzaile bat atxilotu zuen Baionan (Lapurdi) joan den ekainaren 3an. Hendaiako (Lapurdi) polizia-etxera eraman zuten eta, prefetaren aginduz, Frantziako Estatuak hartzen duen lurralde orotan egoteko debekua aplikatu zaio. Ezingo da, beraz, Baionara itzuli, eta Boli Kosta inposatu diote helmuga-herrialde gisa.

Momentuz, Baionan bizi da oraindik, baina astean bitan joan beharra dauka jendarmeriara.

Etorkinekin elkarteak salatu duenez, egunerokoa da gazteak jasan behar duen kanporatze-mehatxua. 2017an migratu zuen Boli Kostatik eta, geroztik, Angeluko (Lapurdi) ikastetxe batean egin ditu ikasketak. Gaur egun, Lapurdin egiten du lan.