Berehala etxegabetua izateko arriskuan dago emakume bat Iruñeko Alde Zaharrean, bi egun barru bota nahi baitu bere etxetik Pamplona Ciudad Habitable-Iruña Biziberritzen (PCH) udal-enpresak. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duenez, PCHren jabetzakoa da etxebizitza, eta beraz, "Iruñeko Udala dago etxegabetzearen atzean". Desalojoari aurre egingo diola jakinarazi du sindikatuak, eta mobilizazio-deialdi bat egin du: asteazkenean, kaleratzea ezarrita dagoen egunean, 08:00etan elkarretaratuko dira Descalzos kaleko 44. zenbakian. Sindikatuak ezinbestekotzat jo du, "beste batzuetan egin bezala, bide judizialak agortzen direnean erantzun jendetsuak eraginkorrak izan daitezkeela erakustea".
Arriskuan dagoen emakumeak bi urte baino gehiago daramatza lehen hutsik zegoen pisu horretan bizitzen. "Hasieran senarrarekin bizi zen, baina indarkeria matxista bortitza pairatu ondoren erabateko zaurgarritasun-egoeran gelditu zen, senar ohia gelditu baitzen ondasun guztiekin", sindikatutik azaldu dutenez. "Ordutik, instituzio publikoek partzialki ordaindutako hoteletako logeletatik, aterpetxeetatik zein alokairuaren merkatu beltzetik igaro da urte luzez", zehaztu dute. Azpierrentamenduan hartutako hiru logelatan bizi izan da andrea, eta kale gorrian gelditu izan da. Indarkeria matxista jasan duen eta zaurgarritasun-egoeran dagoen biktima gisa aitortu izan duten arren, "erakunde publikoek ez diote sekula etxebizitza-alternatibarik eskaini". "Emakume honekiko instituzio publikoen utzikeria erabatekoa izan da eta hala jarraitzen du izaten", seinalatu du sindikatuak.
Azken udal-ordenantza eta okupazioaren kriminalizazioa
Emakume honen egoerak azken asteotan albiste izan den Aukera udal-ordenantzarekin lotura duela uste dute sindikatuan. "Duela bi aste gizarte-inklusioa sustatzeko udal-etxebizitzak arautzen dituen ordenantzaren proiektua delakoari hasierako onarpena eman zion Iruñeko Udalaren Osoko Bilkurak. Ordenantza horrek berrikuntza modura ekarriko du udal-etxebizitzak okupatzen dituzten pertsonak etxebizitzen erroldatik kanporatuak izatea", gogorarazi dute. Udalari leporatu diote, hortaz, "okupazioa kriminalizatzen duen markoa bere egitea" eta ez hartzea kontuan "behar ekonomikoak daramala jendea pisu hutsak okupatzera, horiei bizitoki erabilera emateko".
Horren adibidetzat dute etxegabetua izateko arriskuan dagoen andrearen kasua: "Instituzio publikoen partetik alternatibarik ez zegoenez, okupazioaren aukera zen gelditzen zitzaion irtenbide bakarra, bizitzen ari zen egoera jasanezina atzean uzteko". Eta gaineratu dute: "Instituzioen utzikeriak bultzatu du egoera horretara, eta orain, gainera, hori zigortu nahi da, alternatiba instituzional bat jasotzeko aukeratik erabat kanpo utziz. [...] Udal-agintariek pentsatu al dute pertsona bat alternatibarik gabe etxegabetu eta, horrez gain, noizbait alternatiba bat jasotzeko aukera ukatzen bazaio, gelditzen zaion aukera bakarrenetakoa berriz okupatzea dela?".
Pisua hutsik mantentzeko etxegabetuko dute pertsona bat: udal-jabetzako 150 bat etxe daude hutsik
"Hainbat urtez hutsik egon den pisua da orain PCH udal-enpresak berriro hustu nahi duena, beste horrenbeste urtez hutsik mantentzeko", ohartarazi du Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: "Descalzos 42-48 atarientzako biziberritze-proiektuak oraindik ez du egikaritzeko epe zehatzik. Horiek baino lehenago, gainera, PCHren beste proiektu batzuk daude gauzatzeke, esaterako Jarauta 7-21 eta Jarauta 58-Eslava 26 atarietakoak". Zazpi urte inguruko atzerapena darama azken horrek.
"Descalzos kaleko pisu horiek datozen hamar urteetan eraberritzea aurreikusten dutela adierazi dute berriki udal-iturriek, baina lehenago hainbat urtetako atzerapena duten proiektuak gauzatu behar dituzte", sindikatuko kideek oroitarazi dutenez; horregatik diote "aurreikusgarria dela etxe horren patua, etxegabetzea gauzatzekotan, luzaroan hutsik mantentzea dela". Datu esanguratsu bat ekarri du gogora sindikatuak, gainera: "Udal-jabetzako 150 etxe baino gehiago hutsik daude, eta badirudi haien lehentasuna etxebizitza-beharra duten pertsonak etxegabetzea dela, zertarako eta erabilerarik gabe mantenduko dituzten etxeen kopurua handitzeko".
Babesgabetasun instituzionalaz gain, babesgabetasun judiziala
Biktimak bere aurkako kaleratze-prozesuan jasandako babesgabetasun judiziala ere gaitzetsi du sindikatuak: "Duela sei hilabete demanda judiziala iritsi zitzaion, eta epaiketa bat egon beharko litzatekeen arren, etxegabetzetik bi egunera epaitegiek ez dute ezer esan horren inguruan. [...] Ez da soilik epaiketarik ez egoteak defentsarako eskubidea urratzen duela, baizik eta etxegabetze bat denboran atzeratzea baimentzen duten neurriak existitzen badira ere horietako bat bera ere ez dela aplikatu oraindik".
Sindikatutik ohartarazi dutenez, 2023ko maiatzean Espainiako Estatuan onarturiko Etxebizitza Legeak aurreikusten du halako kasuetan lau hilabetez atzeratzea etxegabetze-prozesua, baina oraingoan ere ez dute irizpide hori bete. "Epaitegiei egoera hau jakinarazi eta [emakumearen] zaurgarritasun-egoera frogatu" dioten arren, gaur-gaurkoz ez dago epailearen inolako erantzunik, eta momentuz etzirako dago ezarrita etxe-kaleratzea. "Ziurgabetasun horrek sortzen duen sufrimendua itzela da, eta egitura judizial kapitalistak proletalgoaren aurka aplikatzen duen biolentzia sistematikoa erakusten du", kritikatu du sindikatuak.