AKTUALITATEA / Soldata sistema
Patronalak jarrera aldatu ezean grebara joko dutela adierazi dute Arabako metalgintzako langileek
Gasteizen manifestazioa egin zuten joan den larunbatean Arabako metalgintzako langileek, patronalaren "inmobilismoa" salatzeko, eta kontuak berdin jarraitzen badu grebara deituko dutela adierazi dute.
2022eko otsailaren 22
Patronalak jarrera aldatu ezean grebara joko dutela adierazi dute Arabako metalgintzako langileek

Arabako metalgintzako sindikatuen eta SEA Arabako Enpresaburuen Elkartearen arteko azken bi bileretan ez da aldeen arteko akordiorik egon; hori dela eta, manifestazioa egin zuten joan den larunbatean metalgintzako langileek Gasteizen (Araba), ELA, LAB, USO, ESK, CGT eta CCOO sindikatuek deituta.

Arabako metalgintzaren azken hitzarmen kolektiboa 2017. urtean amaitu zen, eta guztira 15.000 langile inguruk egiten dute lan hitzarmen horren menpe. Sindikatuek KPIaren gaineko soldataren igoera eta lanorduen murrizketa eskatu dizkiote patronalari; martxoaren 4an izango da SEAren eta sindikatuen arteko hurrengo bilera.