Pasaiako (Gipuzkoa) Escalerillaseko bizilagunek hamarkadak daramatzate bloke horretan bizitzen. Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak gogorarazi duenez, "Pasaiako Portuaren jabetzako higiezin bati buruz ari gara, eta bertako familiak urte luzez portuari egon dira lotuta laboralki". "Haietako asko 80ko hamarkadan heldu ziren portu ingurura lanera eta, ordutik, era jarraikor batean alokairuak eta mantentze gastuak asumitu dituzte", jarraitu du azalpenarekin: "Duela hiru urte jakin zuten portuaren asmoa etxeak eraistea zela, portura merkantziak sartzeko trenbide berri bat eraikitzeko".
Escalerillaseko familiak, sindikatuarekin batera, 2023tik egon dira "injustizia honi aurre egiteko antolatuta". Mobilizazioak, asanbladak, elkartasun-egunak eta beste hainbat protesta-ekintza egin dituzte azken urteetan, eta bizilagunek, titularrek zein ez-titularrek, behin eta berriz berretsi dute euren hautua: "Euren bizi osoko etxeetan geratu nahi dute". Hala ere, etengabe egin die presio Pasaiako Portuak, konpentsazio ekonomikorako akordio bat onar zezaten eta Escalerillasetik alde egin zezaten.
"Hasieran, konpentsazio ekonomiko irrigarriak ziren, egoiliarren bizi-itxaropenaren arabera kopurua murrizten zutenak", ekarri du gogora Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Joan den urtarrilean, dena den, akordioa onartzea erabaki zuten hiru titularrek, jasandako presioaren ondorioz eta, "bi urteko borrokaren ondoren, eskaintza ekonomikoak hobetu eta berdindu zituelako Portuak". Horiek horrela, martxoan utzi zituzten 60 urtez baino gehiagoz euren etxeak izandakoak.
Beste sei familiei, ordea, ez die inolako alternatibarik eskaini Pasaiako Portuak. "Gehienak lehenengo alokairu-kontratuen titularren seme-alabak eta bilobak dira, eta horietako askok porturako lanean jarraitzen dute", azaldu du sindikatuak: "Portu Agintaritzak, ordea, ez ditu errentari legitimotzat hartzen, ordaindu beharko lituzkeen kalte-ordainak aurreztu ahal izateko". Horiek horrela, euren aurkako "etxegabetze-prozedura prekarioa" jarri zuten martxan Portutik.
Ekainaren 9an, azken etxegabetzeak
"Escalerillaseko etxebizitza-blokea husten joan da pixkanaka. Bertan geratzen ziren prozesu judizialari aurre egin behar zioten familiak, kontratuen titulartzat hartzen ez zirenak", jakinarazi dute sindikatutik: "Hilabeteak eman ditugu auzitegietan borrokan, eta jarri ditugun errekurtsoetatik bat oraindik ebatzi gabe dagoen arren, Portuak etxegabetzeak behin-behinean betearazteko eskatu zuen". Portuaren eskaera onartu du epaileak, eta ekainaren 9rako ezarri du desalojo-data.
Prozesu judizialaz gain, Escalerillaseko bizilagunek Pasaiako Portuak antolatutako presio-kanpaina bati aurre egin behar izan diote. Duela bi hilabete, portuak etxola bat jarri zuen etxebizitzen atarian, eta 24 orduz kontrol-lanak egiteko kontratatutako segurtasun-zaindari bat dago bertan. "Segurtasun-zaindari horiek Escalerillaseko bizilagunen etxebizitzetatik paseatzen dira, atarietan sartzen dira, eta haien presentziak beldurtzeko helburu argia du", salatu du sindikatuak.
Interes pribatuen mesederako etxegabetzea
Merkantziak garraiatzeko trenbide-sare berri bat eraikitzea da Escalerillas eraistearen arrazoia, eta obra hori diru publikoz finantzatuko dute Eusko Jaurlaritzaren bitartez. Sindikatutik seinalatu dutenez, "azpiegiturak interes pribatuak elikatzeko helburua dauka: Algeposa enpresaren kostu logistikoak gutxitzea", hain zuzen ere. "Diru publikoa interes enpresarialak elikatzeko erabiltzen ari dira, eta horren ondorioak Portuarentzat lan egiten duten familiek pairatuko dituzte. Beste behin, argi geratzen ari da gizarte honetan interes ekonomikoak gailentzen direla, eta gainera instituzioek rol aktibo bat daukatela interes horien gauzapenean", gaitzetsi dute.
Erantzukizun instituzionalak
Horren guztiaren erantzuleak zein diren ere nabarmendu nahi izan du sindikatuak. Pasaiako Portua seinalatu du lehenik eta behin, "blokea eraitsi eta familiak kaleratu nahi dituena". Ohartarazi du Espainiako Garraio Ministerioko organismo baten parte dela hura, eta Portuko lehendakaria, Izascun Goñi Razquin, 2025eko martxoan izendatu zuela Eusko Jaurlaritzak. Bestetik, ordea, Euskal Trenbide Sarearen erantzukizuna azpimarratu du, zeina Jaurlaritzak (EAJ) kudeatzen duen eta trenbide-sarea eraikitzeko ardura izango duen.
"Egoera salatzeko eta etxebizitza-eskubidearen eta familia langile horien duintasunaren eta ongizatearen aurkako zapalketa honetan erakundeek dituzten erantzukizunak salatzeko", agerraldi jendetsu bat egingo dute bizilagunek eta sindikatuak datorren ekainaren 8an, etxegabetzerako ezarritako egunaren bezperan.