AKTUALITATEA / Kontseilu sozialistak
Pablo Gonzalezen askatasunaren alde mobilizatzera deitu du Bilboko Kontseilu Sozialistak
Aste honetan beteko dira bi urte kazetaria Polonian espetxeratu zutenetik, eta ostiralean mobilizatzera deitu du Kontseilu Sozialistak. Espainiako Gobernuaren ordezkariordetza aurrean elkarretaratuko dira, gobernua bera eta Europar Batasuna erantzule gisa seinalatzeko.
2024eko otsailaren 26
Pablo Gonzalezen askatasunaren alde mobilizatzera deitu du Bilboko Kontseilu Sozialistak

Bi urte bete dira jada Ukrainako gerra lehertu zenetik, eta ia berehala atxilotu zuten Pablo Gonzalez kazetaria ere, Polonian. Gerra piztu izanak sortutako errefuxiatu-olatuaren berri ematen ari zen bertatik, Ukrainako mugatik gertu. Etzi beteko dira bi urte nabarniztarra Polonian atxilotu eta kartzelaratu zutenetik.

Duela hamar egun eskas jakinarazi zuen Poloniako Justiziak zortzigarrenez luzatu diola "behin-behineko" espetxealdia Gonzalezi. Hala beteko ditu bi urte preso, nahiz eta oraindik ez dituzten bere kontrako froga zehatzak eta epaiketaren data argitaratu.

Egoera horretan, Gonzalezen askatasunaren alde mobilizatzera deitu du Bilboko Kontseilu Sozialistak. Espainiako Gobernuak Bizkaian daukan ordezkariordetza aurrean (Eliptika plazan) elkarretaratuko dira ostiralean, martxoaren 1ean. 18:30ean hasiko da protesta, eta Espainiako Gobernua nahiz Europar Batasuna seinalatuko dituzte Gonzalezen egoeraren erantzule modura.