AKTUALITATEA / Gerra
'Orion 26': Frantziako ariketa militarrik handiena, 12.500 soldadurekin eta 24 herrialdetako aliatuekin
Otsaila eta apirila bitartean, Parisek 24 naziotako ontziak, hegazkinak, droneak eta militarrak hedatuko ditu, Errusian inspiratutako gatazka bat simulatzeko eta "koordinazio zibila eta militarra probatzeko".
2026eko urtarrilaren 23
'Orion 26': Frantziako ariketa militarrik handiena, 12.500 soldadurekin eta 24 herrialdetako aliatuekin

Frantziako Estatuak otsailaren 8an ekingo dio Orion 26 ariketa militarrari; bere historiako handienetako bat. Apirilaren 30era arte luzatuko da. Frantziako 12.500 militarrek parte hartuko dute 24 herrialdetako indarrekin batera, gehienak europarrak; baina baita Estatu Batuetakoak, Kanadakoak eta Arabiar Emirerri Batuetakoak ere. Le Parisien eta AFP-ren arabera, 25 gerra-ontzi (tartean Charles de Gaulle hegazkin-ontzi ezaguna), 140 hegazkin eta helikoptero, eta mota guztietako 1.200 bat drone izango dira, baita baliabide zibernetiko eta espazialak ere.

Xavier de Véricourt almiranteordeak, ariketa antolatzeko lanen arduradunak, azaldu du "eraso hibridoetatik" hasi eta "intentsitate handiko borrokaldietaraino" entrenatuko direla, errealismo maila "bereziki handiarekin", gatazka moderno baten fase guztiak erreproduzitzeko aukera emango baitu. Le Parisien egunkariaren arabera, Orion 26 ariketak "Frantziak operazio-agertoki batean sartzeko eta nazioarteko koalizio baten buru izateko duen gaitasuna erakutsi nahi du".

Lehenengo fasea, martxoaren 1era arte iraungo duena, tropak hedatzea izango da, operazio anfibioen eta abarren bidez. Asmatutako herrialde bat (Arland) babestu beharko dute operazioan, fikziozko herrialde espantsionista batek (Mercure) mehatxatu balu bezala. Apirilaren 7tik 30era bitartean, Champagne eskualdera lekualdatuko dute operazioa, eta NATOren aginte-katea sartuko da bertan, "Europako indarrek aliantzan erabat txertatzeko duten gaitasuna irudikatzeko", Véricourtek Le Parisien-en esandakoaren arabera.

Era berean, almiranteordeak dio Frantziako hamabi ministerio egongo direla mobilizaturik "lurralde nazionaleko eraso hibridoen aurrean [sabotajeak eta zibererasoak barne] koordinazio zibila eta militarra ebaluatzeko". Le Parisien-ek nabarmendu duenez, agertokia "fikziozkoa" den arren, "NATOk egindako eszenatoki batean oinarritzen da zuzenean", eta "droneetan, gerra elektronikoan eta defentsa espazialeko sistemetan berrikuntza teknologikoak probatu nahi ditu".