AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Nagore Laffage oroitu dute bere erailketaren 18. urteurrenean
Geltoki txiki geratu da Nagore oroitzeko ekitaldian, eta gogoan izan dute urte hau bereziki gogorra izaten ari dela erailketa matxistei dagokienez. Diego Yllanesek, Nagore erail zuen gizonak, psikiatra gisa egiten du lan gaur egun.
2026eko uztailaren 2 - 06:55
Nagore Laffage oroitu dute bere erailketaren 18. urteurrenean

Hemezortzi urte beteko dira aurten Nagore Laffageren erailketa matxistatik. Atzo, Iruñeko (Nafarroa) Geltokin egin zuten gazte irundarra gogoratzeko ekitaldi bat, eta txiki gelditu zen espazioa: jendetza bertaratu zen Lunes Lilas kolektiboak antolatutako omenaldira. "Justizia eta erreparazioa eskatzen ditugu", azaldu zuten bertan hitza hartzean, eta salatu zuten urte hau bereziki gogorra izaten ari dela indarkeria matxistari dagokionez: "Zifrek berez hitz egiten dute. Genero-indarkeriagatiko 875 salaketa izan dira Nafarroan 2026ko urtarriletik martxora bitartean.

Nagore 2008ko uztailaren 7an erail zuen Diego Yllanes izeneko gizonezko batek, Iruñeko sanferminetan. Jai-giroan topatu ondoren, emakumea bortxatzen saiatu, bortizki jipoitu eta hil egin zuen erasotzaileak, itota. Gero, Ebro ibaira eraman zuen gorpua.

20 urte besterik ez zituen Nagorek. Iruñeko Klinika Unibertsitarioan ari zen erizaintzako praktikak egiten, eta Diego, berriz, psikiatriako ikasketak egiten ari zen han. Bertan ezagutu zuten elkar.

Hamabi urte eta erdiko espetxe-zigorra ezarri zioten hiltzaileari, erailketa beharrean, homizidioa leporatuta. Hala ere, 2017an lortu zuen hirugarren graduan sartzea, eta mediku psikiatra gisa aritzen da gaur egun.