AKTUALITATEA / Langile-klasearen pobretzea
Nafarroan, ia 34.000 pertsona bizi dira errentetatik
2024an, kobratutako alokairua izan zen 5.117 jaberen diru-iturri nagusia; eta 28.774 pertsonarena, berriz, euren dirutik sortutako irabazia. 120.000 euroko diru-sarrerak dituztenen artean, bitik batek dituzte irabaziak alokairuei esker.
2026eko maiatzaren 5 - 08:08
Nafarroan, ia 34.000 pertsona bizi dira errentetatik

Nafarroan, 33.891 errentatzaile inguru daude, Noticias de Navarra-k argitaratutako datuen arabera. Azterketak zehazten duenez, "errentatzailea" litzateke, soldatapeko lan aktiborik egin gabe, oinordetzan hartutako edo propioki metatutako ondasunei esker bizi dena, edo bere diru-iturri nagusia horixe dena. Eta dozenaka milaka dira Nafarroan, antza denez. 2024ko datu batzuk ematen ditu aipatutako komunikabideak: urte horretan, gutxienez 28.774 pertsonaren irabazi-iturri nagusia izan ziren euren diru propiotik sortutako errentak (dibidenduak edo interesak kasu), eta 5.117 jaberen iturri nagusia izan ziren euren jabetzetatik kobratutako alokairuak.

Nafarroan zergak ordaintzen dituzten pertsonen %7 dira sektore horretakoak. Dena den, euren diru-iturri nagusia errentak ez izan arren, askoz ere gehiago dira errentetatik lortutako irabaziak dituztenak: 2024an, 252.633 pertsonak deklaratu zituzten inbertsio-funtsei, diru-gordailuei edo dibidenduei lotutako irabazi "estrak"; eta alokairuetatik eskuratutako irabazi gehigarriak deklaratu zituztenak, berriz, 61.949 izan ziren. Noticias de Navarra-ren esanetan, etxebizitzen, edonolako lokalen, garajeen eta abarren alokairuak kontuan hartzen ditu erregistro horrek, eta izugarri hazi da kopurua azken urteetan; 4.000 gehiago dira pandemiaren aurreko datuekin alderatuz gero.

Komunikabideak aipatzen duen beste datu esanguratsu bat da honakoa: alokairuari esker irabaziak dituzten pertsonen ehunekoa nabarmenagoa da diru-iturri handiagoak dituzten sektoreetan. 24.000 euroko diru-sarrerak dituztenen artean, soilik %10ek dituzte alokairutik lortutako irabaziak, baina portzentajea %26ra igotzen da 45.000 eta 90.000 arteko diru-sarrerak dituztenen taldean (erdi-mailako klase diruduna), eta %50era iristen da errentarik altuenak dituztenen artean. Hain justu, 120.000 euroko diru-sarrerak dituztenen artean, bitik batek (erdiak) dituzte irabaziak alokairuei esker.