AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Nafarroako Volkswagenek jarduna eten behar izan du, langileek planto egin ostean
Atzo 20:00etan hastekoa zen gaueko txanda, baina langileak ez ziren bertaratu. Hala, Landabengo Volkswagenek ekoizpena eten behar izan zuen, eta une honetan itxita dago lantokia. Gauean argitaratutako adierazpenean, enpresak esan zuen "langile faltagatik" eta "osasun-agintariek ezarritako gero eta neurri zorrotzagoei erantzuteko berme faltagatik" erabaki zuela jarduna gelditzea. 5.000 langile dira lantegian.
2020eko martxoaren 16
Nafarroako Volkswagenek jarduna eten behar izan du, langileek planto egin ostean

Landabengo (Nafarroa) Volkswagen lantokiak jarduna eten behar izan du, atzo gaueko txandan langileek planto egin ostean. Enpresak atzo kaleratutako adierazpenean, azaldu zuen "bertan behera" utziko duela jardun industriala, igandeko gaueko txandari ekiteko "langile faltagatik", eta "pandemiaren bilakaeraren larritzeak sortutako alarma sozialaren aurrean", "osasun-agintariek ezarritako gero eta neurri zorrotzagoei erantzuteko berme faltagatik"; "enpresaren borondatearekin eta aukerekin zerikusirik ez duten kanpoko arrazoiak", Volkswagenek adierazi duenez.

Asteburuan, martxan

Langile batzordeak atzo eskatu zion enpresari lantegia ixteko, eta asteburuan ireki izana salatu zuen, hainbat langilek sintomak izan arren. Beharginek azaldu zuten ezin zutela haien artean kutsatzea ekiditeko gutxieneko distantzia mantendu, eta sindikatuen arabera, "kateko langileen kezka eta urduritasuna" medio, "matxinada saioak" ere izan ziren fabrikan.

Atzo 20:00etan hastekoa zen gaueko txanda, baina langileak bertaratu ez zirenez, Landabengo lantokia geldiaraztea eta ixtea lortu dute. Enpresak ez du zehaztu noiz irekiko duen berriro.