AKTUALITATEA / Kirola
Munduko Futbol Txapelketa Donostian 2030ean?
Txapelketa erraldoia bertan antolatzeak izango lituzkeen kostuak eta ondorioak aztertzen ari omen dira. Insausti zalantzati agertu da, baina lehen Goiak egin bezala, Donostiaren hautagaitza aldarrikatu du PSEk, jendartean ezezkoak indarra hartzen duen bitartean.
2026ko maiatzaren 13 - 07:36
Munduko Futbol Txapelketa Donostian 2030ean?

Donostiako alkate Jon Insaustik (EAJ) atzo bertan jakinarazi zuen bi txosten helarazi dizkiola FIFAri, Gipuzkoako hiriburua 2030eko Munduko Futbol Txapelketako egoitzetako bat izan daitekeen edo ez aztertzeko prozesuaren barruan. Alor legala eta gobernantza-arloa lantzen omen dira txosten horietan, izan ere, mahai gainean dago txapelketa erraldoia Donostira ekartzeko aukera. Dena den, oraingoz ez dago argi zein indar duen balizko hautagaitza horrek: Insaustik ez du argitu ea zertan den gogoeta, eta esan du txapelketa ekartzeak Donostian izango lituzkeen eragina eta kostuak ezagutu behar direla: "Ondorio positibo eta negatibo asko ditu". Gaineratu du, baina, aukera hori aztertzeko prestutasuna duela udalak.

Duela bi urte, Eneko Goia (EAJ) alkateak konbentzimendu osoz defendatu zuen Donostia kirol-txapelketaren egoitza bat izateko aukera. Are gehiago: iazko apirilean, jendartean ezezkoa indarra hartzen ari zela ikustean eta dozenaka kolektibok eskatu ziotenean FIFAri ez dezala txapelketa Gipuzkoara eraman, gogor kritikatu zuen jarrera hori Goiak. Insaustik orain erakutsi dituen zalantzak ez datoz bat, beraz, alkatetzak orain arte erakutsitako jarrerarekin.

Insaustik berak jakinarazi duenez, FIFAko hainbat ordezkarik duela hilabete eta erdi inguru bisitatu zuten Donostia, eta bilera bat egin zuten hainbat udal-ordezkarirekin, Munduko Futbol Txapelketak izango lituzkeen eraginen inguruan. Bitartean, PSE presioa egiten ari da Donostiaren hautagaitza indartzeko: Ane Oyarbidek esan du "erabat konbentzituta" dagoela hiria gai dela halako mailako ekimen bat hartzeko, eta "garrantzitsua eta estrategikoa" litzatekeela txapelketa bertara ekartzea.