AKTUALITATEA / Palestina
MSC Mayaren blokeoaren ostean, konplizitate logistikoa eta industria militarra seinalatu ditu Global Sumud Flotillak
Lino Figueroak, Atlantic Blue ontziko lehen ofizialak eta 'Gedar'-eko eta 'Diario Socialista'-ko korrespontsalak, aurrekaririk gabeko esku-hartze zibilaren balorazioa egin du.
2026eko apirilaren 21 - 18:49
MSC Mayaren blokeoaren ostean, konplizitate logistikoa eta industria militarra seinalatu ditu Global Sumud Flotillak

Global Sumud Flotillako (GSF) 39 ontziek Siziliako kostaldetik gertu nabigatzen duten bitartean, Lino Figueroak (Atlantic Blue ontziko kapitaina eta GEDAR LANGILE KAZETA eta DIARIO SOCIALISTA egunkarietako korrespontsala) GFSren eta bere euskal ordezkaritzaren adierazpena zabaldu du, MSC Maya itsasontzi erraldoia blokeatu izanari buruzko balorazioa eginez. Hain zuzen ere, Israelgo gerra-makineria genozida elikatzen duen egitura ekonomikoaren aurkako "esku-hartze zibil zuzeneko" ekintzatzat jotzen dute gauzatutakoa. Adierazpenaren arabera, operazioaren helburua izan da estatuko erakundeek Ashdod eta Haifako portuetara (Palestina okupatua) joatea ahalbidetzen duten materialen fluxua fisikoki geldiaraztea. Izan ere, antolakundearen esanetan, Mediterranean Shipping Company (MSC) konpainiak bere egitura logistikoa erabiltzen du, Singapurren eta Abu Qirren "ontzi-aldaketa zentroen" bidez artilleriara bideratutako altzairu aleatuaren garraioa ezkutatzeko.

Zamaketarien eta portuetako langileen lekukoa jasotzen

GSFren irakurketa politikoak, Figueroak irakurri duenak, "portuko zamaketarien eta langileen borrokaren tradizioan" kokatzen du ekintza, balio-katean duten posizio estrategikoa zapalkuntzaren logistika sabotatzeko erabili baitute historikoki. Ildo horretan, ontzidiak dei esplizitua egin dio langile-klaseari "garabi, kontratu eta lan-ekintza bakoitzean" bere boterea erabil dezan, itsas-garraioko multinazionalek baliatzen duten ustezko "neutraltasun komertziala" hausteko. Figueroaren hitzetan, "ez dago neutraltasunik" palestinarren aurkako jaurtigai bihurtzen diren lehengaiak mugitzea ahalbidetzen denean.

Euskal industria militarra seinalatzea

Espedizioan egon den euskal ordezkaritzak zuzenean lotu ditu Mediterraneoan gertatutakoak bere lurraldeko industria-errealitatearekin. Figueroak salatu duenez, Euskal Herriko armagintza-sareak, ehun enpresa baino gehiagok osatutakoak, 700 milioi euro inguru fakturatzen ditu urtero misil eta ibilgailu blindatuetarako osagaiak ekoiztuz. Ontzidia osatzen duen euskal ordezkaritzaren zerrendan agertzen diren sektoreko izen propio batzuk aipatu ditu korrespontsalak; hala nola ITP Aero, Sener, Sapa eta Aernnova. Azpimarratu dutenez, ontzidiak itsas-zabalean eten nahi duen hornidura-kate berekoak dira enpresa horiek.

Langile-klasearen boterea

GSFrentzat eta Figueroarentzat, MSC Maya gelditu izanak agerian uzten du, gobernuen pasibotasunaren eta estatuek nazioarteko zuzenbideari dagokionez egindako urraketen aurrean, "jende arrunta" dela genozidioaren aurka zuzenean esku hartu behar duena. Kolektiboak errefusatu egin du itsas-komertzioa "hutsune morala" izatea, eta "ekoizpen-sistema birmoldatzeko" beharra defendatu du, desobedientziaren bidez, sarraskiaren konplize izateari uzteko. Misioak nabarmentzen du, hala, gerra gelditzeko benetako indarra langileek gatazkarekin irabaziak dituzten enpresen etekinak blokeatzeko duten gaitasunean datzala.

Azkenik, adierazpenean gogorarazi dute GSFren helburua dela Gazako Zerrendan presentzia iraunkorra ezartzea, Israelek duela ia bi hamarkadatik ezarritako setio militarrari aurre egiteko. Mediku-taldeak eta azpiegiturak berreraikitzen adituak diren taldeak lehorreratzeko helburua nazioarteko mobilizazio baten fase erabakigarri gisa planteatzen dute. Mobilizazio horren helburua "itsasoa bizitzarako espazio gisa berreskuratzea" da, gaur egun bezala "arma-korridore" eta "pertsona migratzaileen hobi komun" gisa erabili beharrean. Apirilaren 22rako, biharko, ontzidia Siziliako lurretan gelditzea espero da.