AKTUALITATEA / Espetxea
Mont-de-Marsango espetxera lekualdatu dute Iñaki Reta preso politikoa
Fresnesko espetxetik Mont-de-Marsango kartzelara hurbildu dute Iñaki Reta euskal preso politikoa. Zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zioten 2008an, eta klandestinitatera jo zuen. 2015ean atxilotu zuten berriro, eta preso dute ordutik. Zazpi urteko kartzela zigorra ari da betetzen orain.
2019eko urriaren 2
Mont-de-Marsango espetxera lekualdatu dute Iñaki Reta preso politikoa

Fresnesko espetxean atxilo zuten azken euskal preso politikoa zen Iñaki Reta elorriarra. Fresnestik Mont-de-Marsango kartzelara lekualdatu berri du Frantziako Estatuak. Hala, etxetik 200 kilometro ingurura dago orain.

ETA erakundeko kide izatea egotzita, hamalau urte preso egin zituen Retak, 1982tik 1996ra. 2008an berriro auzipetu zuten, Askatasunako kide izatea leporatuta, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren auziaren barruan. Orduan, zortzi urteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak.

Berrito atxilotua eta espetxeratua

Ihes egitea eta klandestinitatera jotzea erabaki zuen Retak. Handik zazpi urtera, 2015ean, atxilotu zuten Ortzainen (Nafarroa Beherea), Xabier Goienetxearekin batera. ETAren "aparatu logistiko-militarraren" aurkako operazioa izan zen.

Iazko abenduan Parisen (Frantziako Estatua) epaitu zituzten biak, eta zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zieten. Beste hiru pertsona ere izan ziren epaituak; bi urtetik beherako zigorra izan zen haientzat, Reta eta Goienetxea etxean hartzea leporatuta. Mont-de-Marsanen dute preso Goienetxea ere.

Berria-k jakinarazi duenez, gaur gaurkoz, 38 euskal preso politiko dira Frantziako Estatuan. Haietako hamahiru daude Mont-de-Marsanen, eta beste hamahiru Lannemezanen.