AKTUALITATEA / Soldata sistema
Mobilizazioekin jarraitzen dute Laudioko Autoglas-Glavistako langileek
Lantegia itxi eta 240 langileak kaleratu nahi ditu konkurtso-administratzaileak. Aurreko astean itxialdi bat egin zuten beharginek, eta mobilizazio jendetsu bat izan zen aurreko ostiralean, Laudion.
2023eko urriaren 9
Mobilizazioekin jarraitzen dute Laudioko Autoglas-Glavistako langileek

Autoglas-Glavista enpresako konkurtso-administratzaileak epaitegietan aurkeztu duen espedientearen arabera, Laudioko (Araba) lantokia zarratu eta 240 beharginak kalera bidali nahi ditu. Neurriari aurre egiteko, protestei ekin diete langileek: fabrikan itxi ziren aurreko asteazkenean, eta mobilizazioak antolatzen hasi dira.

Aurreko ostiralean, Laudioko kaleetara eraman zituzten euren salaketak eta aldarriak, manifestazio jendetsu baten bidez. Guardian errudun, Glavista borrokan! lelopean atera ziren kalera beharginak, ehunka lagunen babesarekin. Elkartasun modura, pertsianak jaitsi zituzten hainbat lantokitan.

Guardian taldearen (automobilgintzarako haizetakoak ekoizten ditu) parte zen lehen Autoglas-Glavista fabrika. 2020an, baina, enpresa Parter Capital putre funtsari saldu zion Guardianek. Autoglas-Glavistarena "itxiera programatu eta telegidatu" bat izan dela uste dute langileek, eta Guardianen erantzukizuna seinalatzen jarraitzen dute.