AKTUALITATEA / Langile-klasearen pobretzea
Maximo historiko berri bat hautsi du gasolinaren prezioak
Duela urtebeteko batez besteko prezioekin alderatuta, %40,5 igo da gasolinaren prezioa, eta %56,2 dieselarena. Azken 35 urteetako mailarik altuenak ukitzen ari da inflazioa.
2022eko maiatzaren 23
Maximo historiko berri bat hautsi du gasolinaren prezioak

Marka historiko berriak uzten jarraitzen du oinarrizko beharrizanen prezioen aldaerak, bata bestearen atzetik. Aurreko astean, gasolinaren prezioak berriz hautsi zuen maximo historikoa Espainiako Estatuan, 1,897 euroan kokatu baitzen litroa batez beste. Astebetean, beraz, 2 zentimo garestitu da; Aste Santuaz geroztik, lau astez jarraian egin du gora kostuak. Dieselari dagokionez, oso antzekoak dira prezioak: joan den astean, batez beste 1,887 euro ordaindu behar zen litro bakoitza.

Apirilaren 1ean, erregaien kostuei ezarri beharrezko deskontu bat sartu zuen indarrean Espainiako Gobernuak, 20 zentimokoa litro bakoitzeko. Goian aipatutako batez besteko prezioek ez dute kontuan hartzen deskontu hori, baina hedabide askotan seinalatu den modura, deskontu hori nolabait irenstea lortu du erregaien prezioen etengabeko igoerak.

Duela urtebeteko datuekin alderatuta, batez beste, %40,5 igo da gasolinaren prezioa, eta %56,2, berriz, gasolioarena.

INEk ezagutzera emandako azken datuen arabera, apirilean zertxobait behera egin zuen inflazioak, %8,3koa izan baitzen. Dena den, azken 35 urteetako inflazio mailarik altuenak ari dira izaten azken hilabeteetan.