AKTUALITATEA / Martxoak 8
Martxoaren 8an, emakume langileen interesen alde kaleak hartzera deitu du Itaiak
Ia 30 mobilizazio egingo ditu igandean Euskal Herrian, "emakume langileek jasaten duten indarkeria matxistaren aurka, esplotazio ekonomikoaren aurka eta emakumeen eskubideen alde". Martxoaren 8aren "izaera borrokalaria eta iraultzailea" aldarrikatuz, beharrezkotzat hartu du "alternatiba iraultzailea eraikitzea".
2026eko martxoaren 5 - 08:27
Martxoaren 8an, emakume langileen interesen alde kaleak hartzera deitu du Itaiak

Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak hala zioen I. Kongresuaren amaiera ekitaldian, aurreko hilean: "Ezin dugu inolaz ere onartu Emakume Langileon Nazioarteko Eguna erakundeen eta enpresen agenden baitako egun protokolario bat izatea. Borroka-egun batek ez luke kontsentsua bilatzeko izan behar, eta ezin du gizartearen batasun abstraktua bilatu. Kontrara, gure pobreziaren arduradunak, erasotzaileak, garaikur edo objektu gisa tratatzen gaituztenak zein gure aldarrikapenak edukiz husten dituztenak seinalatzeko eguna da". Horiek horrela, Martxoaren 8aren "izaera borrokalaria eta iraultzailea" erreibindikatuz, aurten ere kaleak hartzera deitu du.

Itaiak Euskal Herriko sei hiriburutan antolatu ditu manifestazioak iganderako, Baionan, Bilbon, Donibane Garazin, Donostian, Gasteizen eta Iruñean hain zuzen ere; eta beste 22 herritan ere egingo ditu mobilizazioak. Emakume langileak jarri nahi ditu lehen lerroan, eta "emakume langileek jasaten duten indarkeria matxistaren aurka, esplotazio ekonomikoaren aurka eta emakumeen eskubideen alde" mobilizatuko da.

"Kaleak hartzeko hamaika arrazoi ditugu", azpimarratu du. "Krisi ekonomikoak milaka eta milaka emakume langileren miseria areagotu du: egiturazko langabezia, lanaldi partzialak; zaintza-lanen areagotzea", ohartarazi du antolakundeak. Horrez gain, "faxismoaren zabalpenak ideia matxistak indartu dituela" salatu du, eta "matxismoa bera ukatzen eta emakumeen aurkako neurri zuzenak proposatzen" dituztela edonolako adierazpen faxistek. Emakume langileok askatzeko batu borrokara! lelotzat hartuz, horren guztiaren kontra borroka egiteko eta "alternatiba iraultzailea eraikitzeko" deia egingo du Itaiak Martxoaren 8an.