Martxoaren 17ko greba-egunean, elkarrekin mobilizatuko dira Nafarroako hainbat erakunde sindikal, politiko eta sozial. Hain zuzen ere, manifestazio bat antolatu dute elkarrekin CGT, Solidari, CNT eta Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak (EHKS), Bizi- eta lan-baldintza duinak, kapitalismoari aurre egin! lelopean. Goizeko 11:30ean hasiko da mobilizazioa, Iruñeko Errekoleten Plazatik. Iruñerriko hainbat eragilek babestu dute deialdia, gainera: bat egin dute Dar Etxea, Ikasle Antolakunde Sozialista (IAS), Antikapitalistak, PIM, Gazte Komunistak, Gerrarik Ez, Sustrai Erakuntza, Iruñerriko LAS, Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialista eta hARITU elkarlaguntza-sareak.
CGT, Solidari, CNT eta EHKSk gaur egin dute agerraldi bat Iruñean, mobilizazio-deialdia aurkezteko. Azaldu dute "bizi- eta lan-baldintza duinen aldeko aldarrikapena ez dela bukatzen soldataren igoerarekin, beharrezkoa bada ere"; eta beharrezkotzat jo dute "salaketan harago joatea".
Sistema kapitalista zalantzan jartzea eta gainditzea
"Ez da arrazoirik falta greba orokor baterako", adierazi dute prentsaurrekoan: "Kapitalismoak miseria sortzen eta pobretzea hedatzen jarraitzen du langile-klasean, zatiketarako mekanismo suntsitzaileak erabiliz". Etenik gabe ezartzen ari diren enplegu-erregulazioko espedienteak, lan-kaleratze masiboak eta enpresen itxierak seinalatu dituzte besteak beste, Ezkirozko BSHn, Altsasuko Sunsundeguin eta Tuterako Nano Automotiven kasu. "Eta ezin gara ahaztu enpresariek aberasten jarrai dezaten lanpostuan eraildako langile horiek guztiak", gaineratu dute: "Nafarroan 30 izan ziren iaz, eta, azken hamarkadan, 702 Euskal Herrian".
Aipatutako eragileek salatu dute "kapitalisten interes pribatuetara azpiratuta dagoela gure klasea, eta kapitalistak gure bizi- eta lan-baldintzak okertzearen kontura aberasten direla". Eta krisi garaietan, hain justu, "joera hori are nabarmenagoa" dela uste dute, "klase menderatzaileak bere ofentsiba indartzen baitu fronte guztietan". Beraz, ezinbestekotzat hartu dute "sektore pobretuenen soldatak hobetzeko borroka": "Geure egiten dugu aldarrikapen hori".
Hortik harago joanda, baina, ohartarazi dute "sistema kapitalista zalantzan jartzea eta gainditzea" beharrezkoa dela "lanaldiak murrizteko, erretiro-adina aurreratzeko eta bizi- eta lan-baldintza egiaz duinak lortzeko"; baita "pertsona guztientzat bizi-baldintza unibertsal eta kalitatezkoak ziurtatzen dituen gizarte-eredu baterantz pausoak ematea" ere.
Borroken batasuna nazioartean artikulatzea
CGT, Solidari, CNT eta EHKSk gogorarazi dute "estatuen autoritarismoaren gorakada ari garela ikusten"; "gerra-tentsioen goraldia" eta "neurri errepresiboen areagotzea" tarteko. Aurrekontu militarraren igoerak, besteren artean, "oinarrizko zerbitzuak progresiboki kaskartzea dakarrela" salatu dute, ohartarazteaz gain "Europar Batasunetik ari direla gidatzen" batik bat "pobretzean eta autoritarismoan" oinarritutako agenda hori. Horrexegatik azpimarratu dute "ikuspegi internazionalistatik jarduteko" beharra, "Europan eta nazioartean borroken batasuna artikulatzeari begira".
Oposiziorik ez langile-klasearen aurkako ofentsibari
CGT, Solidari, CNT eta EHKSk, hala, kezkaz diote "sozialdemokraziak eta gure ingurune politiko hurbileneko gobernu progresistek" ez dietela "oposizio argirik" egiten "langile-klasearen pobretzea azkartzen eta frustrazio sozial gero eta handiagoa sortzen duten politika horiei". Eta uste dute horrek "bide egiten" diola eskuin muturrari, "haserre sozial hori itxuraz sistemaren kontrakoa eta konfrontaziokoa den diskurtso baten bidez kapitalizatzeko, diskurtso hori ideia erreakzionario eta baztertzaileak zabaltzera bideratutako Troiako zaldi gisa erabiliz".
Horiek horrela, martxoaren 17ko greba-egunaren atarian, "estatuarekiko independentea den langile-mugimendu baten artikulatzea" aldarrikatu dute aipatutako eragileek; "estatuarekiko loturarik, zorrik eta klientelismorik gabea, gure bizi- eta lan-baldintzen okertzea eta haren erantzuleak salatuko dituena, eta faxismoaren eta eskuin muturraren gorakadaren kontrako antidoto izanen dena".