AKTUALITATEA / Euskal herriko kontseilu sozialista
Martxoaren 16ko jardunaldiaren egitaraua argitaratu du EHKSk
Donostian izango da, eta estatuen erreforma autoritarioa landuko dute nagusiki. Lau hitzaldi antolatu dituzte egun osorako.
2024eko otsailaren 22
Martxoaren 16ko jardunaldiaren egitaraua argitaratu du EHKSk

Bi hilabete igaro dira Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (EHKS) aurkeztu zutenetik, Eibarko (Gipuzkoa) Astelena frontoian egindako ekitaldi jendetsu batean. Datorren hilerako, bere aurreneko jardunaldi nazionala antolatu du EHKSk: martxoaren 16an izango da, Donostian (Gipuzkoa), eta, nagusiki, estatuen erreforma autoritarioa aztertuko da bertan.

Atzo eman zuen egitarauaren berri antolakunde berriak. Lau saio izango dira egun osoan; hiru hitzaldi goizean, eta mahai-inguru bat arratsaldean. 10:00etan izango da lehenengo hitzaldia: Estatuen erreforma autoritarioa eta langileon eskubide politikoen aldeko borroka. 12:30ean, berriz, bi hitzaldi egingo dituzte aldi berean: Inperialismoa, gerra eta genozidioa: joko-zelai kapitalistaren konfigurazio berria batetik, eta Krisi kapitalista eta faxismoa klase ertain nazionalen gainbehera perspektiban, bestetik.

Horren ostean bazkaltzeko aukera izango da, eta 17:30ean hasiko da eguna biribiltzeko azken saioa. Mahai-inguru bat izango da, Parlamentarismoa, hauteskunde-zikloa eta estatuen erreforma lantzeko.

EHKSk jakinarazi duenez, euskaraz izango dira saioak, baina itzulpen-zerbitzua izango da gaztelerara zein frantsesera.