AKTUALITATEA / Soldata sistema
Martxoan gutxienez 14.364 langile sartu dira langabezian Hego Euskal Herrian
Martxoaren bukaeran, 165.578 langabetu zenbatu zituzten Hego Euskal Herrian. Azken hilabetean, gutxienez 14.364 langile gehiago geratu dira langabezian, eta datuen arabera, aldi baterako kontratudunak dira asko. Covid-19ak sortutako krisia dela-eta, lantegi askori agindu zaie momentuz jarduna geratzeko. Hala, besteak beste, langileak kaleratu edota kontratu ugari eten dituzte enpresek. Langabezia-tasa, orokorrean, handiagoa da emakume langileen artean.
2020eko apirilaren 2
Martxoan gutxienez 14.364 langile sartu dira langabezian Hego Euskal Herrian

Espainiako Lan Ministerioak kaleratutako azken datuen arabera, martxoaren amaieran 165.578 langabetu ziren Hego Euskal Herrian, otsailean baino 14.364 gehiago. Langabezia-tasa, beraz, %12,3ra igo da. Azken hamarkadetan hilabete bakar batean atzeman duten hazkunderik nabarmenena izan da.

Antza, aldi baterako kontratudunak izan dira azken asteetan kaleratutako langile asko, haien kontratu ugari ez direlako berritu. Dena den, langabezia-tasa kalkulatzean, ez dituzte barne-bildu aldi baterako enplegu erregulazio txostenen eraginpean dauden langileak. Atzo kazeta honetan jaso genituen datuen arabera, Hego Euskal Herrian 151.785 langile dira gutxienez lan erregulazio txostenen eraginpean dauden langileak.

Emakume langileen artean (%14,3), orokorrean, gizonezko langileen artean (%10,5) baino altuagoa da langabezia-tasa.

Bestalde, Berria-k jaso duenez, adinekoen egoitzetan izan ezik, sektore guztietan egin du gora langabeziak azken hilabetean. Hala ere, badira bereziki kolpatuak izan diren hainbat alor, ostalaritza edota janari eta edari banaketa, kasu.