AKTUALITATEA / Martxoak 3
Manuel Fragaren bustoa markatu du Gasteizko GKSk, Martxoaren 3an eraildako langileen oroimenez
Politikari frankista, garaian Espainiako presidenteordea, Gasteizko sarraskiaren erantzule nagusietako bat izan zen. GKSk salatu duenez, Vilalbako plaza erdian jarraitzen du bere omenezko oroigarriak.
2026eko otsailaren 22
Manuel Fragaren bustoa markatu du Gasteizko GKSk, Martxoaren 3an eraildako langileen oroimenez

Martxoaren 3aren 50. urteurrenaren atarian, protesta-ekintza bat egin du Gasteizko (Araba) Gazte Koordinadora Sozialistak Manuel Fragaren jaioterrian, Vilalban (Lugo). Gaur egun ere, Villalbako plaza erdian dago politikari frankista irudikatzen duen busto bat, bere oroimenez. Bada, oroigarri hori gorriz markatu du GKSk, Gasteizko sarraskiaren erantzule nagusietako bat izan zena seinalatuz.

Hilabeteetako borrokaren osteko greba-orokorrean grisek bost grebalari tiroz erail zituztenean (Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar Clemente, Romualdo Barroso Chaparro, Jose Castillo Garcia eta Bienvenido Pereda Moral), Espainiako Gobernantza ministroa eta presidenteordea zen Fraga. Horren aurretik, diktadura frankistan egon zen ministro karguan, eta martxoaren 3ko gertakarien ondoren, Galiziako presidente ere izan zen.

Galiziako gaur egungo presidenteak, Alfonso Ruedak (PP), Fragaren aurkako protesta-ekintza salatu du: "Ez dituzte sinboloak errespetatzen. Ez dute errespetatzen galiziar guztien lau gehiengo absolutu lortu zituen presidentea. Beren sektarismoa baino ez dute errespetatzen".