AKTUALITATEA / Lurraren defentsa
Makroproiektuen aurka hartu dituzte kaleak milaka lagunek
Gasteizen egindako mobilizaziora batu ziren 200 batzar administratibo, udal eta kolektibo inguru, eta Jaurlaritzaren trantsizio energetikoaren eredua errotik alda dadila exijitu zuten, landa-eremuko "espoliazioaren" kontra.
2026eko maiatzaren 25 - 06:26
Makroproiektuen aurka hartu dituzte kaleak milaka lagunek

Aurreko larunbat arratsaldean, lurraren defentsan eta azpiegitura txikitzaileen aurka egindako manifestazio jendetsu batek gurutzatu zituen Gasteizko kaleak. 18:00ak jota atera zen mobilizazioa Bilbo Plazatik: milaka pertsona bildu ziren eta lehen sektoreak presentzia nabarmena izan zuen, dozenaka traktorek osatu baitzuten manifestazioa, landa-ingurunean izaten ari den azpiegitura industrialen areagotzeari ezetz esanez.

Aurreko urteetan Arabako hiriburuan izan diren protesta handiei jarraipena eman zien larunbatekoak. Azken egunetan babesak gora egiten jarraitu du, eta antolatzaileen esanetan, 200 bat atxikimendu lortu dituzte. Tartean dira Arabako administrazio-batzarrak eta udalak, baita Euskal Herri osoko kolektibo sozial eta politikoak ere. "Zuen presentzia masiboak gaur hemen berriro ere egia osoa erakusten du: Arabako gizarteak bere lurra, ingurune naturala eta landa-etorkizuna errespetatu, zaindu eta defendatzen ditu", aldarrikatu zuten larunbatean.

Lurra mehatxatzen duten proiektu industrial handien etengabeko agerpena salatu zuten mobilizazioan, horietako batzuk aipatuz: Abiadura Handiko Trena (AHT), makrozentral eolikoak eta fotovoltaikoak, goi-tentsioko lineak, datu-zentroak, biometanizazio-instalazioak, industrialdeen, harrobien eta aireportuaren handitzea, eta abar. "Gure landa-inguruneak eta ingurune naturalak suntsitzen dituzten eskala handiko proiektuak dira guztiak. Ez gaitzatela engaina, proiektu horiek ez dira eraikitzen gizarte-beharrak asetzeko helburuarekin. Korporazio handien poltsikoak eta putre-funtsak betetzea besterik ez dute nahi", seinalatu zuten.

Horrekin batera, instituzio publikoei egin zieten kritika, Eusko Jaurlaritzaren Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS) nabarmenduz batik bat. Izan ere, plan hori merkatuaren interesetara bideratuta dagoela salatu zuten, haranen eta mendien balio ekologiko eta nekazaritzakoaren kalterako. Energiaren Euskal Erakundearen esku-hartzea ere gaitzetsi zuten: "Azelerazio-plan bat abiarazi du sakrifizio gune horiek enpresa handiei eskaintzeko, diru publikoko 80 milioi euro xahutuz". Plan horrek "paisaia zauritzen du, ondasun naturalak pribatizatzen ditu, lurrak eta herri-mendiak desjabetzen ditu, landa-inguruneko bizi-proiektuak hausten ditu eta gure komunitateak abandonura bultzatzen ditu", manifestarien hitzetan. 

Araba eremu bereziki kaltetu bat izan arren, gogorarazi zuten "informazio ezkutatze eta proiektuen inposaketa egoera hau Euskal Herriko beste hainbat puntutan errepikatzen" dela, eta horregatik, bat egitera eta elkarri laguntzera deitu zuten. "Argi gera dadila gaur erakusten ari garen indarrak emaitzak ematen dituela. Gero eta gehiago garela botere politikoak babestutako korporazio handien jardunbideak zalantzan jartzen ditugunak. Gizartearen erantzunak eta aurkeztutako alegazioek geldiarazten dute igoera hori. Borroka fruituak ematen ari da, egon behar zuten makroproiektuak geldiarazten ari gara", erreibindikatu zuten, borrokan segitzera animatuz.