Indarkeria poliziala jasan duten pertsonen lekukotzak jasotzen ditu Txago plataformak, Instagramen batik bat, eta iazko abenduan argitaratu zuen duela bi urte Donostian (Gipuzkoa) izandako kasu bat: udaltzaingoko agente batek pertsona etorkin bat jipoitu zuen Antiguako Zubimusu parkean, eta erasoa bideoz grabatzea lortu zuen bertan zegoen bizilagun batek.
Irudietan ikusten da biktima lurrean zegoela kolpatu zuela udaltzainak, behin eta berriz joz. Bertan zeuden gainerako agenteek ere parte hartu zuten jipoian, kolpatua izaten ari zen pertsonari eutsiz batik bat. LABek oraintsu jakinarazi duenez, bai Donostiako Udalak (EAJ) bai udaltzaingoko buruzagitzak izan zuten horren berri, baina isilpean mantendu zuten: bideoa ikustean neurri administratiboak hartu omen zituzten polizia-agente horren aurka, baina biktimak ez zuen salaketarik jarri, eta hori aitzakiatzat hartuta gaia artxibatu zuten azkenean.
Horrekin aski ez, eta udaltzain hori mailaz igo zuen udalak joan den urtarrilean, bi urteren ondoren: udaltzaingoko ofizialorde izendatu dute erasotzailea, aipatutako sindikatuaren esanetan. Udalak ez du adierazpenik egin momentuz.