AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Maiatzaren 7an, greba egingo dute Nafarroako haur eskoletako langileek
Eskoletako baldintzak hobetzeko eta eredu publikoaren alde borrokan ari dira, eta bat egin dute maiatzaren 7rako estatu mailan deitutako grebarekin. "Duintasuna behar dugu haur eskoletan, geletako masifikazioa jasanezina da", azaldu du Nafarroako 0-3 plataformak.
2026eko apirilaren 29 - 07:43
Maiatzaren 7an, greba egingo dute Nafarroako haur eskoletako langileek

Borrokan jarraitzen dute Nafarroako haur eskoletako langileek, eta hitzordu garrantzitsu bat daukate datorren hilean: maiatzaren 7an greba egingo dute, "sare publiko, doako eta unibertsal baten alde". Bost aldarri nagusi markatu dituzte: "lehen haurtzaroaren eta langileen duintasuna" bermatzea; "0-3 urte zikloaren sare publikoa, doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa" lortzea; "ratioen jaitsiera" ezartzea, "hezitzaile bikoteak" osatuz; lan-baldintzak hobetzea, "soldata duina eta lan egonkorra" ziurtatuz batik bat; eta, "gastu militarraren hazkundearen" aurrean, hezkuntza publikoa lehenestea.

Maiatzaren 7an ez dute Nafarroako beharginek soilik joko grebara: estatu mailako deialdia da. Madrilgo haur eskola publikoetako langileak, esaterako, apirilaren 23tik daude greba mugagabean. Beste mobilizazio-deialdi bat ere egin dute estatu osoan maiatzerako, izan ere, CGT sindikatuak eta haur eskolen estatu mailako plataforma berriak manifestazio bat antolatu dute Madrilen maiatzaren 23rako.

Nafarroako 0-3 plataformak martxoaren bukaeran egin zuen agerraldi bat. Haur eskoletako "gehiegizko ratioek" sortzen dituzten arazoak nabarmendu zituzten, gogoraraziz azkenekoz greba egitean ezarri zizkieten errefortzuak tranpatiak direla: lanaldi erdiko lanpostuak sortu zituzten. "Laguntzailetzat" jotzen diren langile horiek "soldata penagarria" dute, plataformak salatu duenez, eta azaldu dute gainera beharra dagoela behargin horiek ere lanaldi osoan jardun dezaten. "Berez beste bi beharko genituzke gela bakoitzean", laburbildu du Isabel Irigibelek Ahotsa-ren aurrean. Eta gaineratzen du: "Grebara goaz batez ere aldarrikatzeko gure lankideen egoera prekarioa, zaintzakoa eta feminizatua den sektore batean".

Asteak daramatzate buru-belarri lanean, langile-asanbladak egiten eta eskoletako haurren familiei egoeraren berri ematen. "Duintasuna behar dugu haur eskoletan, geletako masifikazioa jasanezina da. Nahiz eta politikariek esaten duten dena primeran doala gezur hutsa da, sinatu zen akordioa ez dute bete. Hemen jarraitzen dugu borrokan", dio Irigibelek.