AKTUALITATEA / Indarkeria matxista
Lokalizatzailea kentzea lortu eta urruntze-agindua urratuta, emakume bati eraso egin dio bikotekide ohiak
Zerra metaliko bat erabilita, lokalizatzailea apurtzea lortu du gizonezko batek Erriberako herri batean. Hala, bikotekide ohiarengandik urruntzeko agindua urratuta, haren etxebizitzan sartu da.
2020eko urtarrilaren 15
Lokalizatzailea kentzea lortu eta urruntze-agindua urratuta, emakume bati eraso egin dio bikotekide ohiak

30 urteko gizonezko batek eraso egin dio bikotekide ohiari Erriberako (Nafarria) herri batean, harengandik urruntzeko agindua urratuta. Lokalizatzailea puskatu zuen aurretik, zerra metaliko baten bidez. Genero-indarkeria egotzita jarri zioten aparatua erasotzaileari.

Lokalizatzailearen konexioa bi orduz etenda zegoela ikustean, azkeneko konexio-lekura bertaratu zen Nafarroako Foruzaingoa, eta bertan aurkitu zuen tresna, puskatuta. Hala, emakumearen etxebizitzara joan ziren poliziak, eta bertan aurkitu zuten erasotzailea. Atxilotu ostean, kartzelan sartu zuten.

Erasoz jositako astea

Euskal Herrian, beste hamaika erasoren berri eman dute azken egunotan ere. Besteak beste, igande goizaldean gizonezko batek emakume bat bortxatu zuen Tuteran (Nafarroa), eta, gutxienez, beste bost eraso ere izan ziren asteburuan; Gasteizen (Araba) hiru, eta bi Iruñean (Nafarroa).