AKTUALITATEA / Errepresioa
Lizarran, instituzioen autoritarismoaren kontra mobilizatu dira
Protesta bat egin zuten aurreko ostiralean, ikertuak izaten ari diren 27 pertsonekin elkartasunez. Udalak txosnei jarritako debekuaren aurka mobilizatzeagatik seinalatu dituzte.
2024eko azaroaren 11
Lizarran, instituzioen autoritarismoaren kontra mobilizatu dira
— ARGAZKIA Lizarrako Txosnak

Lizarran (Nafarroa), elkarretaratze jendetsu bat izan zen aurreko ostiralean, Festagirok deituta: Instituzioen autoritarismoa gelditu! Elkartasuna Lizarrako 27 gazteekin lelopean egin zuen mobilizazioa. Izan ere, ikerketapean daude herriko 27 pertsona: deklaratzera deitu ditu udaltzaingoak, joan den udan, udalak txosnei ezarritako debekuaren kontra protesta egiteagatik.

Lizarrako Udalak txosnak debekatu ditu aurten, txosnagunea autobus-geltokiko aparkalekutik Los Llanos parkera tokialdatzen saiatu baita, "jaietako dinamika sozialetik urruntzeko eta isolatzeko" asmoz. Hala, mobilizazio handiak izan ziren udan, udalaren erabaki autoritarioaren kontra.

Horri lotuta, uztailean, Bajadica del Puy ekimena baliatu zuten Lizarrako hainbat lagunek, udalaren debekuaren aurka protesta egiteko. Poliziak horren ondorioz seinalatu ditu 27 gazte, eta haiek ikertzen ari da.