AKTUALITATEA / Itaia
Lizarrako festen bezperan, indarkeria matxistaren kontra mobilizatuko da Itaia
Uztailaren 30ean izango da manifestazioa, 20:00etan, Baja Navarratik abiatuta. Aurten, Euskal Herrian, gutxienez lau erailketa matxista izan direla gogorarazi du Itaiak.
2026eko uztailaren 24 - 10:37
Lizarrako festen bezperan, indarkeria matxistaren kontra mobilizatuko da Itaia

Uztailaren 31n hasiko dira Lizarrako (Nafarroa) festak, eta Lizarraldeko Itaiak hasieratik plazaratuko du indarkeria matxistaren aurkako aldarria. Jaien atarian, uztailaren 30ean hain zuzen ere, mobilizazio bat egingo dute biolentzia matxistari ezetz esateko: arratsaldeko 20:00etan hasiko da Lizarrako Baja Navarratik.

Jaietan, emakumeen aurkako sexu-erasoak eta bestelako eraso matxistak errealitate bat direla salatu du Itaiak, eta gogoan izan du, gainera, gutxienez lau erailketa matxista izan direla Euskal Herrian urte honetan. Uda hasi zenetik hainbatetan nabarmendu duenez, "indarkeria matxistaren aurka kaleak hartzeko unea" dela iritzi dio Emakumeen Antolakunde Sozialistak, eta erasoen aurrean erantzutera eta antolatzera deitu du berriz.