Badirudi "Justiziaren" begietara eragin handiagoa duela lapurreta egiteak, emakume bat erailtzeak baino. Basauriko azken gertakariek erakusten dute hori. Apirilaren 1ean bere bikotekidea hiltzeagatik atxilotutako gizonezkoa libre utzi zuten egun gutxira, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak berak edo Espainiako Estatuko Berdintasun Ministerioak onartu duten erailketa matxista bat izan zela. Kontrara, ez dute berdin jokatu gerora gizon berak lapurreta batean parte hartu duenean: orduan bai, hura kartzelan sartzeko agindua eman du epaileak.
Hainbat hedabidek asteburuan jakinarazi dutenez, espetxeratu egin dute hilabete honen hasieran Amaia izeneko andre bat hil zuen pertsona, baina ez hilketa horregatik. EITBren arabera, aurreko ostiral gauean atxilotu zuten 45 urteko gizona, Bilbon, indarkeriaz lapurreta egitea leporatuta. Ordu batzuk lehenago, pertsona bati lesio larriak eragiteagatik jarri zuten bere aurkako beste salaketa bat. Atestatu poliziala ikustean, gizonezkoa Basaurin kartzelaratzeko agindua eman zuen epaileak, EITBk jaso duenez.
Amaia erailtzeagatik atxilotu zutenean, ordea, ez zuten berdin jokatu auzitegiek: behin-behinean libre uztea erabaki zuen apirilaren 4an guardian zegoen epaileak. Pasaportea kendu eta egunero epaitegira bertaratzeko agindua eman zioten, baina ez zuten espetxeratu. EITBren esanetan, indarkeria matxistagatik aurrekariak ditu gizonak eta urruntze-agindua zuen bikotekidearekiko, baina epailearen ustez hori guztia ez zen arrazoi nahikoa izan kartzelara bidaltzeko.
Apirilaren 3an eman zuten erailketa matxistaren berri. Bi egun lehenago, 44 urteko emakume bat topatu zuten hilik Basauriko etxe batean, bere bikotekideak larrialdi-zerbitzuetara deitu baitzuen. Autopsia egin ondoren atxilotu zuten gizona, emakumea modu bortitzean hil zutela ondorioztatu baitzuten, baina berehala utzi zuten aske. Instituzioek horren ostean egindako adierazpenetan, erailketa matxista izan zela baieztatu dute.