AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Lehen greba egunari ekin diote Haurreskolak partzuergoko langileek
Langile gehienek jo dute gaur grebara, eta hurrengo asteazkenean izango da bigarren lanuzte eguna.
2020eko abenduaren 10
Lehen greba egunari ekin diote Haurreskolak partzuergoko langileek

Azaroaren amaieran deitu zuten grebara Haurreskolak partzuergoan: hain zuzen, abenduaren 10erako eta 16rako egin zituzten deialdiak, urrian hasitako mobilizazioei jarraipena emateko asmoz.

Beharginei inposatu dizkieten gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" izanda ere, %73k egin dute greba gaurkoan. 278 langileri oztopatu diete greba eskubidea, eta sindikatuek salatu dutenez, gutxieneko zerbitzuen interpretazioan harago joan da partzuergoko kudeatzailea.

Beharginen lan-baldintzei dagokienez, lan-hitzarmena konplitzea edota ordezkapenak betetzea dira, besteak beste, langileen eskakizunak, eta oro har, lan-baldintzek okerrera egin dutela salatu dute. Bestalde, baina, partzuergoa Hezkuntza Sailean integratzea, aurrekontua handitzea edota 0-3 urte arteko haurren hezkuntzaren doakotasuna aldarrikatzen dituzte.