AKTUALITATEA / Sindikalismoa
Lasarte-Oriako eta Gasteizko Michelin lantegiak ixtea lortu dute langileek
Gasteizko beharginek ostiralean eskatu zuten jarduna eteteko, Covid-19 birusa ez kutsatzeko segurtasun neurriak ziurtatuta ez zeudelako. Langileen presioaren ostean, enpresako zuzendaritzak gaur jakinarazi du bihartik aurrera geratuko dela ekoizpena, modu progresiboan. Michelinek onartu du hainbat koronabirus kasu izan direla Gasteizko fabrikan.
2020eko martxoaren 16
Lasarte-Oriako eta Gasteizko Michelin lantegiak ixtea lortu dute langileek

Gaur, martxoak 15, irekitzeko asmotan ziren hainbat lantoki ixtea lortu dute langileek Euskal Herrian. Horixe da Gasteizko (Araba) eta Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Michelin fabriketako kasua: beharginen presioari esker, zuzendaritzak gaur jakinarazi du gutxienez zortzi egunez geratuko dutela ekoizpena, bihartik aurrera eta modu progresiboan. Espainiako Estatuko gainontzeko lantegiak ere itxi ditu, baita Frantziakoak edota Italiakoak ere.

Gasteizko Michelineko langileek iragan ostiralean, martxoak 13, eskatu zuten fabrika zarratzeko, segurtasun neurriak bermatuta ez zeudelako. Besteak beste, salatu zuten eskuak garbitu ahal izateko xaboirik edota alkoholik ez zutela jada, eta ezinezkoa zela Covid-19 birusa ez kutsatzeko gutxieneko segurtasun distantzia mantentzea beharginen artean.

Enpresak orain onartu du zenbait koronabirus kasu atzeman dituztela Gasteizko fabrikan. 3.500 langile inguru dira bertan.

Lasarte-Oriako zein Gasteizko Michelineko langileek lanuzteak eta mobilizazioak egin zituzten aurtengo urtarrilean, lan baldintzen hobekuntza lortu asmoz.