Ziurgabetasuna nagusitu da Errenteriako (Gipuzkoa) Papresa paper-fabrikan, prentsak argitara eman ostean lantokia saltzeko aukera daukala mahai gainean enpresako zuzendaritzak. Horren ondorioak izan litezke ekoizpena geratzea eta enplegu-erregulazioko espediente bat ezartzea, hainbat hedabidek azaldu dutenez; 110 behargini eragingo lieke espediente horrek.
Neurri horien kontra eta "enplegua mantentzearen" alde, lanuzteei ekingo diete langileek. Oraingoz, lau egunetarako deitu ditu lanuzteak langile-batzordeak (LAB, ESK, ELA eta CCOO), lau ordukoak hain zuzen ere: bihar izango da lehenengoa, eta 20an, 24an eta 27an hurrengoak, 12:00etatik 16:00etara bitartean. "Lanpostuen defentsan" eta "fabrikaren etorkizunaren" alde mobilizatzea beharrezkotzat jo du batzordeak, eta "plantillarentzako neurri traumatiko oro atzera bota" dezatela exijitu du.