AKTUALITATEA / Soldata sistema
Langile batek min hartu du Aiziritzen lanean ari zela, eta zango bat ebaki behar izan diote
Aiziritzeko Lur Berri laborantza enpresarentzat egiten du soldatapean lan 23 urteko beharginak, sasoilari gisa. Zango gainera erori zaio artoz betetako atoia, eta zauri larrien ondorioz, ebaki egin diote hanka.
2021eko urriaren 4
Langile batek min hartu du Aiziritzen lanean ari zela, eta zango bat ebaki behar izan diote

Irailaren 30ean izan zen lan-istripua Aiziritzeko (Behe-Nafarroa) Lur Berri laborantza kooperatibaren larreetan. 23 urteko sasoilari bati zango gainera erori zitzaion artoz betetako atoi bat, karga traktoreari lotu nahian ari zela. Zangoa urratu zion atoiaren lotura zatiaren pisuak.

Larrean harekin zeuden beste langileak zaurituari laguntzen saiatu ziren, atoiari bultza eginda. Helikopteroz eraman behar izan zuten azkenean Baionako (Lapurdi) ospitalera. Medikuek zangoa ebaki zioten, zaurien larritasuna zela-eta.

Lan Ikuskaritzak eta jendarmeek ikerketa bat ireki dute gertatutakoaren kausak argitzeko. Momentuz, Lur Berri enpresak ez du adierazpenik egin horren inguruan.